"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Cristina Gallegok (Bogotá) Ciro Guerrarekin batera fundatu zuen 2001ean Ciudad Lunar ekoiztetxea, eta film ugari ekoitzi ditu horren bidez: La sombra del caminante (2004), Zinema Eraikitzen ekimenerako hautatua izan eta Donostiako New Directors sailean parte hartu zuena; Los viajes del viento (Horizontes Latinos, 2010), Cannesko Un Certain Regard atalean aurkeztua, eta El abrazo de la serpiente (Horizontes Latinos, 2015), Oscar sarirako izendatutako lehen film kolonbiarra eta Art Cinema Sariaren irabazlea Cannesko Quinzaine des cinéastes atalean.
2018an Pájaros de verano (Perlak, 2018) zuzendu zuen Ciro Guerrarekin batera, bere debuta zuzendaritzan, eta ekoitzi ere egin zuen. Cannesko Quinzaine des cinéastes atala inauguratu zuen filmak haren 50. urteurrenean, nazioarteko 30 sari irabazi zituen eta urteko film onenen artean aukeratu zuten Time Magazine, The New York Times, Variety, The New Yorker, Esquire eta The Village Voice aldizkarietan, besteak beste.
2022an Los reyes del mundo (Laura Mora) ekoitzi zuen, Donostiako Urrezko Maskorraren irabazlea. Halaber, Demonios tus ojos (Pedro Aguilera, Made in Spain, 2017) eta Yo no me llamo Rubén Blades (Abner Benahim, 2018) ere ekoiztu ditu, Wajib (Annmarie Jacir, 2017; 5 sariren irabazle Locarnon) filmaren ekoizleetako bat izateaz gain; bestalde, Memoria (Apichatpong Weerasethakul, 2021; Epaimahaiaren Saria Cannesen) filmaren ekoizle elkartua izan zen, eta Waiting for the Barbarians (Ciro Guerra, Perlak, 2019; Venezian lehiatua) pelikularen ekoizle exekutiboa.