"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Eusko Label Zinemaldiko sail lehiakor berri bat da, eta Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketara aurkeztutako lanen hautaketa bat barnean hartzen du, hurbileko produktua zinemaren bidez zabaltzeko, baita nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren mundua sustatzeko eta ezagutarazteko ere.
Lehen edizio honetan, Mikel Urretabizkaiaren Latxa mikrofilma suertatu da irabazle. 6.000 euroko saria eskuratuko duen lan honetan Karmele Murua baserritar eta ardi latxaren gaztagileak artzainen lana azaltzen du, bai eta ardi latxaren gazta lehiaketa garrantzitsuenean parte hartzeko nola prestatzen diren ere. Bigarren saria, berriz, Paolo Tizón gazte perutarraren Soroborda lanari egokitu zaio, zeinak 4.000 euroko diru-saria patrikaratuko duen. Epaimahaiaren iritziz lan honek oso erraz kontatzen du 63 urtez aita-semeek uraren gainean egindako lana. Dena aldatu dela eta arazo bat dagoela konturatzen dira: urik gabe bizitzarik ez dagoela, alegia.
Lehiaketara aurkeztu diren hemeretzi lanak telefono mugikorrarekin egin dira eta, asko jota, hiru minutukoak izan behar zuten. Frédéric Boyerrek, Anuska Ezkurrak eta Roberto Ruizek osatutako epaimahaiak Kursaaleko amaierako galan, irailaren 30ean, egingo du sari-banaketa.
S.B.