"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aldatzen, aberasten eta liluratzen gaituen zinemaren gorazarrea izan zen atzoko Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren inaugurazio-gala. Eva Hachek eta Gorka Otxoak aurkeztu zuten ekitaldia, baina laguntzaile prestu ugari izan zituzten erritmo biziko gala hegan emateko.
Dominic West aktoreak aurkeztu zuen FIPRESCI Sari Nagusia, eta erakundearen presidenteorde Rita Di Santok eman zion garaikurra Aki Kaurismäkiren ordezkariari. Zuzendari finlandiarrak hirugarren aldiz irabazi du aitortza garrantzitsu hau bere azken lana den Kuolleet ledhet / Fallen Leaves filmari esker.
Ondoren, Donostia Zinemaldiaren sail ezberdinak aletzen joan ziren hainbat gonbidatuk, hala nola, Kepa Errasti, Ane Gabarain, Sofia Otero, Dolores Fonzi, Telmo Irureta eta Bob Pop (galaren gidoilaria izan dena, galaren zuzendari Mireia Gabilondorekin batera). Cayetana Guillén Cuervok aurkeztu zuen Sail Ofiziala eta epaimahaikideak banan bana deitu zituen Kursaal antzokiko oholtzara. Epaimahaiaren presidenteak, Claire Denis zuzendariak, hartu zuen hitza: “Epaimahaikide izatea erronka handia da, zinema jaialdi bat zerbait zirraragarria delako. Lehiakortasuna hain garrantzitsua ez den sormeneko leku bat da Zinemaldia. Zinemarekiko konpromisoak mugitzen gaitu eta hori izango da gidatuko gaituen espiritua”, adierazi zuen.
Maria Berasarte eta Audience taldearen eskutik iritsi zen ekitaldiko unerik hunkigarrienetako bat, "Al alba" doinuarekin aurten zendu diren zinemagintzako profesionalak gogoan hartu zituztenekoa. Gernikako taldearen musikak dotore jantzi zuen gala, hasieratik bukaera arte.
Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek aurtengo lehen Donostia Saria aurkeztu zuen segidan. Hayao Miyazaki maisuari buruz zera esan zuen: “Sortu dituen munduek eta pertsonaiek amesteko eta bere buruaren barrualdera bidaiatzeko bide ematen digute”. Miyazakik igorritako bideo labur baten bidez eskertu zuen aitortza: “Eskerrik asko, Donostia Zinemaldia, izen handiko sari honengatik. Une honetan, egunero nago estudioan, Ghibli parkerako erakusketak sortzen. Espero dut filmarekin gozatzea”. Jarraian, ikusleek Kimitachi wa do iki ruka / The Boy and the Heron inaugurazio-filmaren Europako estreinaldiaz gozatu zuten.