"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aurtengo fenomenoetako batek, 20.000 especies de abejas filmak, zabalduko du gaur Donostia Zinemaldiaren Zinemira atala, euskal zinemari eskainitako saila. Sei hilabeteko ibilbidea egin du Estibaliz Urresola Solagurenen lehen film luzeak, eta bai zinema aretoetan bai nazioarteko jaialdietan bide arrakastatsua egin du. Apirilean zinema aretoetan estreinatu zenetik, ikusle andana erakarri du. Fenomeno sozial ere bihurtu da, hausnarketarako bide ugari zabaltzen lagundu baitu.
Bideak urratzen dituen film horietakoa da Urresolarena, beraz. Gizartean aztarna uzten dituen horietakoa. “Harriduraz eta esker onez ikusten dut filmak egin duen ibilbidea; oso pozgarria da egin duzun lanak publikoarekin konektatzen duela ikusteak”, adierazi du zuzendariak. Filmak aktore onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuenetik (Sofia Oterorentzat izan zen saria), 20 herrialde inguruan estreinatu da, egilearen “aurreikuspenik onena” gaindituz.
Bere lehen film luzea egin aurretik, Estibaliz Urresolak Cuerdas edo Polvo somos film laburrak sortu zituen, arrakasta handiz. Albiste tragiko batek bultzatu zuen Urresola 20.000 especies de abejas sortzera. Hormona-tratamendua eskatu baina garaiz iritsi ez zitzaion Ekai gaztearen suizidioak eta genero-identitatea aitortzeko haren borrokak sakonean hunkitu zuen zuzendari eta gidoilaria. “Erraietatik hurbildu nintzen gurasoen elkartera, nire baitan aldi berean sentitzen nituen lilura eta jakinmin batetik”, dio zuzendari arabarrak. “Nire buruari galdetzen nion familiek nola egiten zuten ibilbide edo trantsitu hori garai hartan, 2018an, gaiari buruz apenas hitz egiten zenean”, gaineratu du.
Landa giroan kokatzen da filma, aurkikuntza eta aldaketaz betetako udako oporraldi batean. Luciaren eta bere familiaren trantsitua erakusten du kontakizunak, nortasun propioari zein kolektiboari buruzko hausnarketa hunkigarria osatuta. Aniztasunaren aurrean ematen diren erreakzioek hitzak baino argiago hitz egiten dute, gizarte oso bat islatuz.
Berlinalen ospea lortzeaz gain, Malagako Zinemaldian film onenaren Urrezko Biznaga saria eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria irabazi zituen Patricia López Arnaizek. Gainera, Hong Kong-eko Zinema Jaialdian Antzezle Onenaren Saria lortu zuen filmeko antzeztalde osoak.
Oscar sarietako lehian Espainia ordezkatzeko hiru hautagai posibleen artean aukeratu zuten Urrezolaren filma eta aste honetan bertan jakin da bidean geratu dela, J.A. Bayonaren azken lana hautatua izan delako. “Sorpresa handia hartu genuen hiruren artean geundela ikustean, eta erraza ez den film bati aitortza gisa ikusten dugu”, azaldu du zuzendariak, “baina nire buruarekiko urrun sentitzen dut lehia hori eta aukerarik logikoena hartu dutela uste dut”.
Estibaliz Urresolak Donostian abiatu zuen bere ibilbide profesionala eta berarentzat aurtengo Zinemaldiko Zinemira Saila zabaltzeak, aldiz, esanahi berezia du. “Oso hunkigarria da niretzat gaur hemen egotea, zeren Zinemaldiaren baitan ospatzen baitzen Euskal Zinemaren Eguna antolatzen hasi nintzen lanean; orain, egun hori jaialdi osoan zehar egiten den sail edo atal bat dela ikustea oso polita da. Oso adierazgarria da hori eta sentipena daukat paraleloan hazi direla saila eta nire ibilbidea”, esan du zinemagileak.
Irene Elortza Gereño