"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek Paco Sagarzazu Badiola (Donostia, 1940) aktorea omendu eta bere ibilbide oparoa aitortuko dute aurtengo Zinemira Saria emanda. Datorren irailaren 26an Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinema Galan jasoko du saria Sagarzazuk.
70eko hamarkadan hasi zen zinemagintzan, Balantzatxoa antzezlana zinemara egokitu zenean. Idazle, kazetari, erredaktore eta gidoigile gisa lan egiten zebilela, La fuga de Segovia filmerako castingera aurkeztu eta aktore-zerrendako preso baten rola eman zioten. Harrez geroztik, euskal zinemari oso estu lotuta egon zaio Sagarzazu, eta Montxo Armendáriz, Eloy de la Iglesia, Ana Díez, Daniel Calparsoro, Gracia Querejeta, Juanma Bajo Ulloa, Javier Fesser, Álex de la Iglesia eta Aritz Moreno zuzendariekin lan egin du, besteak beste.
Sagarzazuk film laburretarako proiektu ugaritan ere erakutsi du bere bikaintasuna (Alsasua 1936, Muerto de amor, Txotx, Artalde, Cólera). Gainera, telebistarako proiektu garrantzitsuetan ere lan egin izan du, eta antzerkian ere interpretazio ahaztezinak egin ditu.
Irene Elortza Gereño