"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Dena prest daukate gaur arratsaldean egingo den Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren inaugurazio-galarako. Entsegu orokorraren aurreko saioan harrapatu ditugu Eva Hache eta Gorka Otxoa, aurkezle lanetan ariko diren aktoreak. Umore onez ekin diote lanari, Bob Popen gidoia defendatzeko gogotsu, biak ala biak.
Mireia Gabilondo aktore, zuzendari eta gidoigileak zuzenduko ditu bai gaurko ekitaldia bai itxierakoa ere. Gidoiak, berriz, Bob Pop idazle eta krikariarenak izango dira. Eva Hache eta Gorka Otxoa aktoreek aurkeztuko dute inaugurazio-gala eta Hachek berak eta Loreto Mauleon aktoreak, berriz, amaierako gala. Audience musika-taldea izango da gala guztien soinu-bandaren arduradun.
Gorka Otxoaren iritziz zaila da spoiler egin gabe ezer kontatzea: “une dibertigarrien eta sakonen arteko oreka dauka galak, gidoi eta zuzendaritza aldetik nahasketa interesgarria lortu da”. “Erritmoa dauka, ez da batere aspergarria izango!”, baieztatu du Eva Hachek, “zaila da gala bat hartu eta telebistarako saio bihurtzea baina uste dut gidoia oso orekatua eta landua dagoela eta gala zoriontsua izango dela”.
Ondo egindako lanaren lasaitasunarekin aurkeztuko dute gala, aitortu dutenez, naturaltasuna eta ilusioa kutsatzen saiatuko direlarik. “Zinemaldiak 71 urte betetzea ospakizun handia egiteko arrazoi pisutsua da”, dio Segoviako komikoak. “Zinemak begirada plural, ezohiko eta poliedrikoak eskaintzeko duen gaitasun harrigarria” izango da Zinemaldiaren inaugurazio-galaren argumentu-lerroa, eta animazioak garrantzi nabarmena izango du, Mireia Gabilondoren eta Bob Popen hitzetan.
Gaurko inaugurazio ekitaldia 20:30ean hasiko da, Kursaal aretoan, eta zuzenean emango da ETB1en, eitb.eus plataforman, Zinemaldiaren webgunean, TVEren La 2 katean, eta RTVE Play plataforman.
Irene Elortza Gereño