JAVIER BARDEM Akademiaren Oscar® sariaren irabazlea nazioartean gehien ezagutzen den aktore espainiarra da, eta mundu osoko publikoa liluratu izan du bere interpretazio ugariekin.
Duela gutxi, Lyle, Lyle, Crocodile film luzearen protagonista izan da Bardem Shawn Mendesekin eta Constance Wurekin batera; Bernard Waberrek New Yorken bizi den krokodilo bati buruz idatzitako haurrentzako liburu ezagun batean oinarrituta dago film hori. Will Speckek eta Josh Gordonek zuzendutako filma (gidoia William Daviesena da), Sony Pictures ekoiztetxeak kaleratu zuen 2022ko urrian, eta Benj Pasek eta Justin Paul musikagileen abesti originalak biltzen ditu (abesti original onenaren Oscar saria eskuratu zuen konpositore bikote horrek La La Land pelikulagatik).
Laster, Triton erregearen rolean ikusiko dugu Bardem Disneyren The Little Mermaid filmaren hezur-haragizko remakean –Rob Marshallek zuzendutakoan–, Halle Bailey, Melissa McCarthy, Daveed Diggs, Awkwafina, Jacob Tremblay eta Jonah Hauer-King aktoreekin batera. The Little Mermaid mundu osoko zinemetan estreinatuko da 2023ko maiatzaren 26an.
Azaroaren 3an, Bardemek Stilgar pertsonaia hezurmamituko du, berriro, Denis Villeneuveren Dune: Part Two zientzia fikziozko film epikoan; Warner Brothers ekoiztetxearen filmak Timothée Chalamet eta Zendaya antzezleak ere izango ditu. Bardemek jada parte hartu zuen film horren prekuelan; izan ere, Veneziako Mostraren 2021eko edizioan kritika bikainekin estreinatu eta 2022an sei Oscar sari irabazi zituen Dunek.
2021ean, Being the Ricardos filmeko protagonista ere izan zen Bardem; pelikula horretan, Desi Arnaz artista eta enpresari bikainaren rola egin zuen aktoreak, eta gizonezko aktore nagusi onenaren Screen Actors Guild Awards sarirako izendatu zuten lan horrengatik, baita Oscar sarirako ere. Oscar sariaren irabazle Aaron Sorkinek idatzi eta zuzendutako film horretan, Desi Arnaz eta Lucille Ball (Nicole Kidman) aktoreen bizitzako aste korapilatsu bat kontatzen digu Sorkinek –gidoi-irakurketa, grabaketa ikus-entzuleekin, etab.–, senar-emazteek euren programa, lanbide-jarduna eta ezkontza arriskuan jarriko dituen krisi profesional eta pertsonal batzuei aurre egin behar dieten bitartean.
Gainera, El buen patrón bere lagun eta ohiko lankide Fernando León de Aranoak zuzendutako pelikulak Goya sarietako izendapenen errekorra hautsi zuen, 20 izendapen izanik. Benetako errekorra, alajaina. Satira honetan, Bardemek Blanco izeneko gizon baten rola egin zuen; enpresa-bikaintasunaren saria lortzeko irrikaz, Blanco –familia-enpresa baten jabe karismatikoa– oso presionatuta bizi da. Bere negozioaren itxurazko perfekzioa pitzatu ahala, Blancok kaleratutako langile mendekati bati, depresioa duen arduradun bati eta bekadun handinahi bati aurre egin beharko die. Filma Donostia Zinemaldian estreinatu zen.
2018an, bere emazte Penélope Cruzekin batera, Asghar Farhadik zuzendutako Todos los saben filmeko protagonista izan zen Bardem; Canneseko zinema-jaialdia inauguratu zuen pelikula horrek urte horretan. Gainera, 2017an, Bardem eta Cruz Loving Pablo (Perlak) biopicaren protagonista nagusiak ere izan ziren. Bertan, Fernando León de Aranoa zuzendariak Pablo Escobar narkotrafikatzaile ezagunak eta Virginia Vallejo kazetari kolonbiarrak benetako bizitzan bizitako maitasun-istorio dramatikoa kontatu zuen.
Aurretik, Bardemek Mother! antzeztu zuen Jennifer Lawrencerekin batera, baita Pirates of the Caribbean: Dead Men Tell No Tales ere, Pirates of the Caribbean frankizia arrakastatsuaren bosgarren entrega, hain zuzen.
2012an, James Bonden sagako emanaldirik entzutetsuenetako batekin harritu zituen Bardemek ikus-entzuleak; hala, Skyfallen Raoul Silva bilaua antzeztu zuen; Daniel Craig, Dame Judi Dench, Naomie Harris eta Berenice Marlohe aktoreek ere parte hartu zuten film horretan. Rol honengatik kritika positibo ugari jasotzeaz gain, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren kategorian izendatua izan zen Bardem Critics Choice Movie Awards eta Screen Actors Guild Awards sarietan.
2012an, halaber, Bardemek Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain) filmean ere parte hartu zuen aktore gisa; Mendebaldeko Sahararen kolonizazioak ia 200.000 pertsona errefuxiatu-esparruetan bizitzera behartu zituela dokumentatzen du film horrek. 2011ko urrian, Bardemek eta filmaren beste ekoizle Álvaro Longoriak –filmaren zuzendariak– Nazio Batuen Batzar Nagusiko deskolonizazio-batzordean parte hartu zuten, eta eskualde horretako giza eskubideen aurkako gehiegikeriak bukarazteko eskatu zieten ordezkariei. Filma Berlinaleren 62. edizioan estreinatu zen, Espainiako Canal Plusek erosi zuen eta Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, GoDigital-ek merkaturatu zuen iTunes plataformaren bidez.
Alejandro G. Iñárrituren Biutiful filmean egindako lanagatik, Cannesko zinema-jaialdiaren 2010eko edizioan gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen Bardemek, Oscar sarietarako hirugarren izendapenaz gain.
2008an, antzeztaldeko aktore onenaren Akademiaren Oscar saria bereganatu zuen Bardemek, Joel eta Ethan Coenen No Country for Old Men filmean egindako interpretazio ikaragarriagatik; zehazki, Anton Chigurh hiltzaile soziopataren rola egin zuen. Antzezpen horrengatik Urrezko Globo bat, Screen Actors Guild Awards sari bat, BAFTA bat eta kritikaren golardo eta izendapen ugari ere jaso zituen.
Bardemek gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen Veneziako zinema-jaialdiaren 2004ko edizioan, Alejandro Amenábarren Mar adentro filmean egindako lanagatik; hala, golardo hori bi aldiz irabazi duen bigarren aktore bihurtu zen. Rol honengatik Goya Saria ere jaso zuen, Urrezko Globorako izendapen batez gain. Zazpi aldiz lortu du Goya saria Bardemek, eta hamabi izendapen jaso ditu guztira.
2000. urtean, Bardemek Oscar sarietarako lehen izendapena jaso zuen, Reinaldo Arenas poeta eta disidente kubatarraren rolagatik Julian Schnabelen Before Night Falls (Zabaltegi-Perlak) filmean. Veneziako zinema-jaialdian gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen; golardo hori bera jaso zuen National Society of Film Critics, Independent Spirit Awards eta National Board of Review erakundeen aldetik. Horrez gain, Urrezko Globorako izendapen bat lortu zuen rol beragatik.
Hona hemen Bardemen beste lan nabarmengarri batzuk: Ridley Scotten The Counselor (2013); Terrence Malicken To the Wonder (2012); Ryan Murphyren Eat Pray Love (Sail Ofiziala, lehiaz kanpo, 2010), Julia Robertsekin batera; Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona (Zabaltegi-Perlak, 2008), izendapen bana eman zizkiona Urrezko Globoetarako eta Independent Spirit Awards sarietarako; John Malkovichen lehen zuzendaritza lan Pasos de baile (Zabaltegi-Perlas 2002); Fernando León de Aranoaren Los lunes al sol (Sail Ofiziala, 2002), Film Onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuena Donostia Zinemaldian; Collateral, Michael Mannena(2004); Love in the Time of Cholera (2007) Mike Newellena; eta Goya's Ghosts (2006), Milos Formanena, Natalie Portmanekin. 1994an jaso zuen bere lehenengo saria zinema-jaialdi batean, Donostian Zinemaldian Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu baitzuen Días contados eta El detective y la muerte filmengatik.