"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aktore berri onenaren Goya saria irabazi duen urtean egokitu zaio Zinemira saileko epaimahaiko presidente izatea Telmo Irureta aktoreari. Jendeak kalean geldiarazten du, agurtzeko, argazkiak ateratzeko eta maitasuna erakusteko, eta haiengan ikusten duen ilusioa hunkigarria egiten zaio. Epaile lanetan lagun ditu Mikele Landa zinemagilea eta Kristina Zorita kazetari eta zinema kritikaria. Haientzat ere, lagunak eta lankideak topatzeko egun zirraragarriak dira Zinemaldikoak.
Iruretak, Landak eta Zoritak goizeko emanaldiak gustuko dituzte, batik bat. Hirurak elkarrekin ikusten dituzte filmak eta kafe bat hartzeko geratzen dira ondoren. Ikusi berri duten lanari buruz solasean hasi eta zinemari buruz orokorrean hitz egiten bukatzen omen dute gehienetan. Epaitu beharrean, ideiak komunean jartzeko beta hartzen du hirukoteak. “Zailtasun handirik ez dugu izan, eta ezta iritzi kontrajarri nabarmenik ere”, aitortzen dute aho batez. “Ekintza bera, epaitzearena, oso berezia da zeren eta filmak ikusterakoan berez hausnartzen duzu zu zuzendaria bazina zein erabaki hartuko zenituzkeen eta abar, edo ahalegintzen zara erabaki horietara gerturatzen, eta epaile bezala ere hori da gure lana. Ariketa oso aberasgarria da eta, ez iruditu arren, sormen handia eskatzen duena”, adierazi du Mikele Landa zinemagile gazteak. “Eta interesantearena egiteko ere balio du!”, dio Telmo Iruretak, jostari.
Saretzeko ere balio du Zinemaldiko epaimahai bateko parte izatea, Landak azaldu duenez: “Noka Mentoring programako parte naizenez gero, aurten industrian ere bagaude eta denbora kudeatu behar duzu aukera aprobetxatzeko; epaimahaikide bezala egoteak ematen dizun bozgorailua aprobetxatu behar duzu jendea ezagutzeko eta industrian bilerak edukitzeko, beste jaialdi askotako jendea etortzen delako eta ez delako bakarrik filmak ikustea, saretzen ere lan mardula egiten da”.
Osasun onaren sintoma
Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko bost hautagai bakarrik daude aurtengo edizioan. Zinemaldiko Zinemira sailean mundo-estreinaldia izan duten hiru film (Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023; eta Josu Martinez zuzendariaren Bizkarsoro eta Mirande, film baterako zirriborroa); eta beste sail batzuetan bildutako beste bi lan (Isabel Hergueraren El sueño de la sultana, Sail Ofizialean; eta Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak). “Gure aukera ez da hain anitza, baina oso seinale ona da zeren esan nahi du filmak kanpora joateko joera gehiago dagoela, kanpoan ere oihartzuna edukitzen ari direla eta ez direla bakarrik geratzen”, azaldu du Mikele Landak. Kristina Zoritak ere ideia berresten du: “Gure jardueran mugatuak gaude baina hori gertatzen da azken urteetan euskal zinemak gero eta aurrekontu handiagoko filmak egiten dituelako, eta hori da onena”.
Gaur jakinaraziko duten epaiak izango duen harrerak ez ditu askorik kezkatzen epaimahaikideak. “Beti dago iritzi pertsonaletik epaian, baina gutaz fidatu badira, zerbaitengatik izango da…”, dio Telmo Irureta presidenteak. “Denok gara pertsonak eta filmak leku desberdinetatik ikusten ditugu; oroitzapenetara edo nostalgiara jotzen dute eta horrek guztiak eragina dauka”, dio Landak. “Uste dut zintzoak izan behar garela gure iritziarekin. Adostasunetara iristea inportantea da, zeren agian faborito ezberdinak egon daitezke, baina batzuetan ez du onenak irabazten baizik eta adostasun gehien lortzen duenak. Ikusiko dugu”.
Irene Elortza Gereño