"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Victor Ericek Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra bereganatu zuen antzoki berean jaso zuen atzo Donostia Saria, 50 urte geroago. El espíritu de la colmena filmeko begirada ahaztezina gorpuztu zuen Ana Torrent aktoreak egin zuen ekitaldiari hasiera eman zion hitzaldi hunkigarria. “Victorrek hainbeste elkartu ditu bizitza eta zinema, ia magikoa den zerbait dagoela zirkulu bat itxi duen moduan”, esan zuen, “eskerrak eman nahi dizkiot bere begiradarengatik, nirea gidatu zuen begirada horrengatik”.
Ikusleek zutik eta txalo artean hartu zuten Cerrar los ojos filma aurkeztera zetorren egile donostiarra. Esker oneko hitzez betetako hitzaldi batean, Víctor Ericek bere zinezaletasunari errepasoa egin zuen eta Donostia hiriari eta bere Zinemaldiari lotu zion: neguko arratsalde batean arrebaren eskutik helduta Kursaalen bere bizitzako lehendabiziko filma ikusi zuenekoa; 1957an, estreinakoz Zinemaldiko ikuslea zelarik, Victoria Eugenian Fellini frak zuriz jantzita ikusi zuenekoa, zine-klub garaiak Querejeta, Gasca, Eceiza, Zulueta eta beste lagunekin… “Zinema XX. mendeko artea zela sinesten genuen”, adierazi zuen.