"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Banantzeek familietan duten eraginaren gaineko hausnarketa egiten du Noah Pritzkerrek Sail Ofizialeko lehiaketan aurkeztu duen Ex-husbands filmean. Maskulinitate forma berriak eta zahartzaroaren onarpena ere badira komedia ukitua duen pelikula honek aztertzen dituen gaietako batzuk.
Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean jaio eta hazi zen Noah Pritzker zinema zuzendaria, familia “aurrerakoi” batean. “Gurekin irekiak izan nahi zuten, sexu-praktika osasuntsuez hitz egiten ziguten... deserosotasun horiek guztiak alde batera utzi genituen”, ekarri du gogora bere bigarren film luzearen aurkezpenean.
Bere gurasoen banantzean oinarrituta idatzi zuen filmeko gidoia eta, izenburuak iradokitzen duen gisa, euren emazteengandik banandu diren hiru gizon ditu protagonista filmak; horien sentipen eta bizipenen bidez familietan banantzeek sortzen dituzten tentsio eta gogoetak aztertu nahi izan ditu zuzendari estatubatuarrak. “Bikoteek eta familiek izaten duten bilakaerari buruz hitz egin nahi nuen, baita seme-alabekin gertatzen denaz ere”, zehaztu du.
Peter da filmeko protagonista. Bere gurasoek 65 urte elkarrekin igaro ondoren harremana bertan behera uztea erabaki zuten, eta antzeko egoeran dago orain bera, 35 urteren ostean emazteak utzi egin baitu. Egoera berean dauden hiru gizonen bizipen eta emozioak harilkatuz osatu du komedia kutsua duen filma Pitzkerrek, eta “maskulinitate berriak” ere hartu nahi izan ditu kontuan.
“Badaude garaipen uneak, aita izatea adibidez, dena dago iraganeko motxila horretan eta maila emozionalean gauza asko askatzen dituzu aurrera egin ahal izateko. Maskulinitate forma asko ageri dira film honetan, aita-semeen arteko harremanean...”, azaldu du zuzendariak.
Sekuentzia jakin bat izan du hizpide, non James Nortonen pertsonaia (Nick) ageri den negarrez, emazteak harremanaren etetea baieztatzen dionean. Nortonek aitortu du 40 aldiz filmatu zutela eszena hura: “Nick-entzat bere bikotea bere bizitzaren parte garrantzitsu bat da eta batetik bestera alderrai dabil bikoteak alde egiten duenean. Bizitzan dituzun espektatibek huts egiten dute askotan. Agur esan behar dionean negarrez ageri da, 40 aldiz filmatu genuen eszena hura eta Noah-k hautatu duen hartuneak erakusten du zein sotila den film hau”.
Zahartzaroa ere bada filmeko gai nagusietako bat: “Peter banandu egiten da, bere semeak independenteak dira eta bizitza eta nortasun berria eraiki behar ditu. Bakarrik gelditu da”, azaldu du zuzendariak, eta horri nola aurre egiten dion ere aztertu nahi izan du filmean.
Aurkezpenean, AEBetako antzezle eta gidoilarien greba ere izan dute hizpide. “Gure antzezleak hemen daude film txiki independentea delako”, arrazoitu du zuzendariak, eta balioan jarri du grebaren amaierak “mundu guztiak lanera itzuli ahal izatea” ekarriko lukeela, “hori baita denok nahi duguna”. Iritzi berekoa da bere sindikatuari Donostiara etortzeko baimena eskatu behar izan dion Griffin Dunne antzezlea ere: “Eskatzen duguna lortu dugula, hori esan nahiko luke greba amaitzeak. Gogorra izaten ari da, batez ere antzezle gazteentzat, telesail batetik bestera dabiltzanentzat, baina baita teknikarientzat eta zinema-industriako arlo guztientzat ere”, adierazi du.
Sergio Basurko