"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiko aretorik handiena den Belodromoak El otro lado eta Esta ambición desmedida telesailen estreinaldiak hartuko ditu 71. edizio honetan, baita Go!azen telesailaren denboraldi berriaren aurkezpena ere.
Igandean (hilak 24), 17:00etan, El otro lado estreinatuko da, Movistar Plus+ taldearen jatorrizko telesail berria, sei atalez osatua, Javier Ruiz Calderak eta Alberto de Torok zuzendua eta Berto Romero umoristak sortua (halaber, Romero da idazleetako bat eta protagonista nagusia). Telebistako komiko ospetsua beldurrezko generoan murgilduko da lehendabizikoz Nachoren istorioarekin. Nacho paranormalean espezializatutako kazetari xelebrea da. Emanaldira etorriko direla berretsi dute Berto Romerok berak, telesailaren zuzendariek eta antzezleetako askok: Andreu Buenafuente, Nacho Vigalondo, Eva Ugarte eta María Botto.
Ostegunean (hilak 28), 19:30ean, Esta ambición desmedida telesailaren txanda izango da. Santos Bacanak, Cris Trenasek eta Rogelio Gonzálezek zuzendua, hiru zati ditu, C. Tanganaren ‘Sin cantar ni afinar’ musika-bira sortu eta abian jartzeko prozesua aprobetxatzen dutenak artistaren sorkuntza-bidaia pertsonala esploratzeko. Telesailaren estreinaldian abeslari madrildarra eta proiektu dokumentalaren sortzaileak izango dira.
Ostiralean, (hilak 29) 18:30ean, Go!azen telesailaren hamargarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da Belodromoan, baita taldeko kide berriak ere; izan ere, emanaldia hasi aurretik ikuskizun bat eskainiko dute kide berriek. Jabi Elortegik eta Itziar Gomezek zuzendutako gazteentzako programa da eta ETBn eman diren bederatzi denboraldietan arrakasta handia izan du telesailak. Zorroztasun handiz zuzendutako udaleku bateko gazte talde baten bizipenak kontatzen ditu, musikaren medioz.
Hiru telesail horien emanaldiez gain, hilaren 30ean, Zinemaldiaren amaiera-ekitaldia zuzenean emango da. Ekitaldia 18:45ean hasiko da Bâtiment 5 / Les indésirables filmaren emanaldiarekin (film hori izango da, izan ere, Perlak sailari amaiera emango diona), eta 71. edizioko sari-banaketaren emanaldiarekin jarraituko du. Saioari amaiera emateko, Dance First emango da, Sail Ofizialari amaiera emango dion pelikula, hain zuzen; gainera, filmaren lantaldeak aurkezpena egingo du Belodromoan bertan.
Sergio Basurko