"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Leticia Dolera aktorea eta Anne Igartiburu aurkezlea aritu dira Donostia Zinemaldiaren 65. Edizioari hasiera eman dion gala aurkezten.
Manuel Palaciosen zuzendaritzapean, galak Andoni de Carlos eta Ekaitz Cruzek idatzitako gidoiko premisa errealitate bihurtu du: zinemak hiria inbaditu du. Donostiako eraikin, monumentu eta toki adierazgarriak zinemaren historiako hainbat erreferentziarekin lotuta eraiki eta desegin dira, programazioaren parte izango diren zinemagileetako batzuek aurtengo filmak eta proiektuak aurkeztu dituzten bitartean. Bertan, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Iñigo Méndez de Vigo Kultura ministroa, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Donostiako alkate Eneko Goia izan dira.
Lehenik eta behin, Aki Kaurismäkiri urteko film onenaren Fipresci Saria eman zaio, The Other Side of Hope filmarengatik. Izan ere, zinemagile finlandiarra gaueko pasadizo barregarriaren protagonista izan da, mikrofonoa baxu samar paratuta zegoela kexatu eta hau leban altxatu zuenean.
Jarraian, Joseph Losey-ren jardunbideari errepaso eman zaio, hari eskainitako atzera begirakoaren irudiak baliatuz. Horizontes Latinos sailak ere toki nabarmena izan du ekitaldian amerikar zinema berriko azken emaitzak lekuko. Sebastián Leliok sail honi hasiera eman dion Una mujer fantástica aurkeztu duelarik.
Hala berean, Zinemaldiak sortzaile gazteen alde egiten duen ahalegina azpimarratu dute aurkezleek, Tabakalerak barne hartuko duen zinema-eskola berria bezalako ekimenak ahaztu gabe. Halaber, Ruben Ostlund zuzendariak Zabaltegi aurkeztu du, berea baita zinema ausartenaren erakusleiho hau zabaldu duen The Square filma.
Horrez gain, Epaimahai Ofiziala taularatu da, epaimahaiko presidente John Malkovich Donostiara behin eta berriro itzultzeaz pozez zoratuta agertu delarik. Azkenerako, Zinemaldia inauguratu duen Submergence filmeko taldeak, Wim Wenders zuzendaria eta Alicia Vikander aktore protagonista buru zirela, film hori bera aurkeztu du.