"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Julia Juaniz muntatzaile nafarrari (Arellano, 1956) emango diote aurtengo Zinemira saria. Euskal Zinemaren eta ETBren Galan jasoko du aitortza, Victoria Eugenia antzokian, irailaren 26an. Ekitaldian, Elkarrekin-Together pelikula estreinatuko dute.
Zaragozako Unibertsitatean Medikuntza eta Spectrum galerian argazkilaritza ikasi ondoren, 60 produkzio baino gehiago muntatu ditu Juanizek hainbat zuzendari ezagunekin, hala nola Carlos Saura, Victor Erice, Daniel Calparsoro eta Mercedes Alvarezekin. Lan horietako askok Zinemaldian parte hartu dute.
Juaniz bitan izendatu dute muntaketa onenaren Goya sarirako, Goya en Burdeos (1996) eta Iberia (2005) filmengatik hain zuzen; horrez gain, Espainiako Kritiko Zinematografikoen Zirkuluaren saria eman zioten El cielo gira (2004) filmarengatik.
Julia Juanizek zinemagintzako unibertsitate eta eskoletan muntaketa-ikastaroak eman ohi ditu. Europako Zinema Akademiako kide da, baita Espainiako Zinema Akademiako zuzendaritzabatzordekoa ere, muntaketako batzordekide gisa.