"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
José Luis Torres Leivak film luze eta labur independente ugari ekoitzi ditu, esate baterako, Ningún lugar en ninguna parte (2004), Obreras saliendo de la fábrica (2005), El tiempo que se queda (2007), Trance (1-10) (2009), Primer día de invierno (2009) eta Tres semanas después (2010), eta nazioarteko hainbat zinema-jaialditan aurkeztu dira. El cielo, la tierra y la lluvia izan zen haren lehen fikzio-film luzea; 2008an Rotterdamgo zinema-jaialdian estreinatu, eta FIPRESCI saria irabazi zuen han. Bigarren film luzea, Verano izenekoa, Veneziako zinema-jaialdian eman zuten, Orizzonti sailean. 2013an hiru dokumental egin zituen: Ver y escuchar; Qué historia es ésta y cuál es su final, Ignacio Agüeroren zinemagintzari buruzkoa, eta El brazo de Sandow. Urte hartan egin zuen, orobat, 11 habitaciones en Antártica film ertain musikala ere. Iaz El viento sabe que vuelvo a casa estreinatu zuen, Ignacio Agüeroren antzezpenarekin. Lan hori 2016ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu zen, eta sari asko jaso zituen nazioarteko zinema-jaialdietan. El sueño de Ana, egin duen azken film laburra, Rotterdamgo zinema-jaialdian estreinatu da eta aurtengo Donostiako Zinemaldian proiektatuko da.