"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Carla Simón Garrotxako herri txiki batean hazi zen, Katalunian. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta ikasle-trukeko ikasturte bat egin zuen Kaliforniako Unibertsitatean. 2011n, La Caixa Gizarte Ekintzako beka prestigiotsu bat eman zioten eta Erresuma Batura joan zen London Film School eskolan zinema-zuzendaritzako masterra egiteko. Hor zegoela, film labur hauek zuzendu zituen: Born Positive (2012) —GIBarekin jaiotako gazteei buruzko dokumentala—, Lipstick (2013) —bi haurrek beren amonaren heriotzari nola aurre egiten dioten kontatzen duen fikzioa—, eta Las pequeñas cosas (2014) —ama baten eta akondroplasia duen haren alabaren arteko harremanaren istorioa—. Horiek guztiak nazioarteko hainbat zinema-jaialditan hautatuak izan ziren. Carlaren azken film laburra Llacunes (2016) da; oso proiektu pertsonala, zuzendariak bere amaren gutunetan oinarrituta egina. Estiu 1993 (2017) bere lehen film luzea da, eta Inicia Films and Avalon etxeek ekoitzi dute. Berlinalen estreinatu zen eta lehen lan onenaren saria eta Generation Kplus saileko Nazioarteko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zituen. Era berean, sari hauek ere irabazi ditu: besteak beste, Urrezko Biznaga Malagako zinema-jaialdian, zuzendari onenaren saria BAFICIn, Epaimahaiaren Aipamena Istanbuleko zinema-jaialdian, eta film onenaren saria Odesan. Bere bigarren film luzea idazten duen bitartean, Carlak gazteei zinema irakasten die Cine en Curso proiektuaren bitartez.