"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Calmin Borel Clermont-Ferrandeko Film Laburren Nazioarteko Zinema Jaialdiko arduradunen taldean dago. Calminen espezializazio-esparruak barne hartzen ditu filmen programazioa eta nazioarteko harremanak.
Ikus-entzunezko produkzio-zuzendaritzan lizentziatu zen, Clermont-Ferrandeko Unibertsitatean, bertako elkarte zinematografikoko presidente-lanak betetzen zituen bitartean. Multimedia eta Bideoarteko Nazioarteko Videoformes Jaialdiaren antolatzailea izan zen 1999tik 2001era bitarte.
2001ean sartu zen Clermont-Ferrandeko Film Laburren Nazioarteko Zinema Jaialdiko behin betiko taldean. Nazioarteko hautaketa-batzordeko kide da, eta The Lab abiarazi zuen, jaialdiaren barruan berrikuntza ardatz duen lehiaketa-saila. Ikus-entzuleek sail horretan aurki ditzaketen lanek hainbat genero, teknika eta oinarri artistiko konbinatzen dituzte. Atzera begirako hainbat erakusketa koordinatu ditu jaialdirako; adibidez: Txinari eskainitako "Taming the Dragon" 2015ean, "Light is Calling. American Films" 2014an, "Superhero (please check your Kryptonite at the door)" eta "British Focus" 2006an. Era berean, musika ardatz duen "Decibels!" sail bereziaren buru da.