"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Valérie Mréjen 1969an jaio zen, Parisen. Arte-eskolatik irten, eta hasieratik agertu zuen hainbat adierazpiderekiko interesa, hizkuntzaren aukerak hobeto arakatze aldera. Liburu-artelan batzuk editatu zituen hasieran, bere lehenengo bideoak filmatu aurretik. Valérieren lanen erakusketa asko egin dira Frantzian eta atzerrian, batez ere Pariseko Jeu de Paume aretoan, Bartzelonako Erreginaordearen jauregian, San Frantziskoko CCA eskolan edo Mexiko DFko Laboratorio Arte Alameda eraikinean. Hainbat film labur zuzendu ditu, baita dokumentalak -Pork and Milk (2004), Valvert (2008)- eta fikziozko film luze bat ere: En ville. Azken hori Bertrand Schefer-ekin batera zuzendu zuen, eta Canneseko 2011ko Errealizadoreen Hamabostaldiaren aukeran sartu zen. Liburu hauek argitaratu ditu: Mon grand-père (1999), L'Agrume (2001) eta Eau sauvage (2004) Allia argitaletxearekin, eta Forêt noire (2012) eta Troisième personne (2017) P.O.L. argitaletxearekin.
Villa Mediciko egoiliarra izan zen 2002an, eta Villa Kujoyamakoa 2010ean.
Bere lanak bilduma askotan jaso dira (Tate Modern, Musée d’Art Moderne, Centre Pompidou, CNAP, Fondation Louis Vuitton…).
Gaur egun, Montrealeko Momenta irudi-bienalean parte hartzen du.