"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Rossitsa Valkanovak 1982an atera zuen zinema-zuzendaritzako gradua, Sofiako National Academy for Theatre and Film Arts (NATFA) eskolan. 1990 arte zuzendari-laguntzaile aritu zen, dokumentalen ekoiztetxe batean, eta hainbat film labur zuzendu zituen. 1995ean KLAS Film ekoiztetxea sortu, eta zuzendari garrantzitsu ugarirekin jardun du lanean: besteak beste, Ivan Cherkelov (Crayfish, 2009), Vassil Zhivkov (Christmas Tree Upside Down, 2006) eta Iglika Triffonova (Letter to America, 2001; Investigation, 2006; The Prosecutor, The Defender, The Father and His Son, 2015). Zuzendari hasiberriekin ere aritua da: esaterako, Dragomir Sholev (Shelter, 2010, Donostian Zuzendari Berriak Sailean estreinatua) eta Ralitza Petrovarekin (Godless, 2016, film onenaren Urrezko Lehoinabarra Locarnoko zinema-jaialdian). Valkanovaren lan gehienak Europako beste herrialde batzuetako bazkideekin egindako koprodukzioak dira: Herbehereetakoak (Phanta Film), Alemaniakoak (Flying Moon, filmkombinat), Hungariakoak (New Budapest Filmstudio), Suediakoak (Filmlance International) nahiz Danimarkakoak (Snowglobe). KLAS Filmek kanpo eta barne produkzioetako ordezko ekoiztetxe gisa funtzionatzen du –Tilt (Victor Chuchkov, 2010), How I Killed a Saint eta I Am from Titov Veles (Teona Strugar-Mitveska, 2002 eta 2007)– eta bazkide minoritario gisa koprodukzioak egiten ditu –Blind (Tamar van den Dop, 2007) eta Aferim! (Radu Jude, zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza 2015eko Berlinalen)–.