"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jorge Guerricaechevarría Historian lizentziatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Álex de la Iglesiaren Mirindas asesinas (1990) film laburraren gidoia idatzi zuenean egin zuen zinemaren munduan debuta. Hortik aurrera, oso lotura estua izan dute bien ibilbideek, eta zuzendariaren film luze askoren gidoilaria izan da Jorge: besteak beste, Acción mutante (1993), El día de la bestia (Piztiaren eguna, 1995), Perdita Durango (1997), Muertos de risa (1999), La comunidad (2000) –emakumezko aktore onenaren saria Donostia Zinemaldian–, 800 balas (2002), Crimen ferpecto (2004), Los crímenes de Oxford (2008), Las brujas de Zugarramurdi (2013) –Donostia Zinemaldian aurkeztua–, Words with Gods (2014) talde-filmeko “The Confession” pasartea, Mi gran noche (2015) –hau ere Donostia Zinemaldian estreinatua–, El bar (2016) eta Perfectos desconocidos (2017), oraindik estreinatzeke. Era berean, De la Iglesiaren telebista-proiektu hauetan ere lan egin du: La habitación del niño (2006) filmean eta Plutón BRB Nero (2009) telesailean.
Pedro Almódovarren Carne trémula (1997) filmaren gidoia idatzi zuen, eta Daniel Monzónen ohiko lankide izan da haren hainbat lanetan: besteak beste, El robo más grande jamás contado (2002), La caja Kovak (2006), Celda 211 (2009), El Niño (2014) eta Yucatán (2017), zuzendariaren lan berriena. Horrez gain, film hauetako gidoien egilea da: Nos miran (Norberto López, 2002), Platillos volantes (Óscar Aibar, 2003), Fin (Jorge Torregrosa, 2012), Cien años de perdón (Daniel Calparsoro, 2015) eta El cuaderno de Sara (Norberto López, 2017).
Telebistarako egin dituen kredituen artean, Canguros (1995) telesaila eta Psiquiatras, psicólogos y otros enfermos (2009) eta Alakrana (2010) telefilmak daude.
Bere gidoiek sari-izendapen ugari jaso dituzte, hala nola: Idazle Zinematografikoen Elkarteko sarietarako lau izendapen, European Film Awards sarietarako izendapen bat, Gaudí sarietarako beste bat, eta Goya sarietarako sei izendapen. Gainera, 2010ean Goya saria lortu zuen (Daniel Monzónekin batera) Celda 211 filmaren gidoiarengatik.