"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
William Oldroyd-en lehen film luzeak, Lady Macbeth-ek (2016), iaz izan zuen munduko estreinaldia, 64. Donostia Zinemaldian, eta Nazioarteko Kritikaren FIPRESCI Saria eskuratu zuen. Harrezkero zinema-jaialdi entzutetsuenetan proiektatu eta mundu osoan banatu da.
Aurrez, Sundance London film laburren lehiaketako irabazlea izan zen Best (2013) film laburrarekin, eta 2014ko Sundanceko zinema-jaialdian proiektatzeko gonbidatu zuten. Oldroyd arte-ikasketak egiten zebilela hasi zen zinemagintzan lanean, bai Erresuma Batuan bai atzerrian antzerki- eta opera-zuzendari ospetsu bilakatu baino lehen.
Londreseko Young Vic antzerkiko zuzendari egoiliar gisa, europar egile klasikoen egokitzapen garaikideak taularatu ditu, hala nola Ibsen-en Ghosts. Ondoren, hainbat egokitzapen zuzentzeko gonbidatu dute: Sartrerena Tokyon, Beckettena Munichen eta Shakespearerena Erresuma Batuan, Royal Shakespeare Company antzeztaldearen Complete Works jaialdirako. Opera- produkzioen alorrean, Pergolesiren lanak egin ditu Portugalen eta Donizettirenak, English Touring Operarako (ETO), Londreseko Sadler's Wells antzokian.