"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Buenos Airesen (Argentinan) jaioa, 2000. urtetik Erresuma Batuan bizi da Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilari italiar-britainiarra. Bi hamarkadatik gorako eskarmentua du, eta telebistan, irratian, egunkarietan, aldizkarietan eta zineman aritu da lanean, espainieraz nahiz ingelesez. 2009an Pinball London sortu zuen, Londresen kokatutako ekoiztetxe bat, egile-zigilua daramaten eta nazioarteko publikoa helburu duten filmetan espezializatua: adibidez, On the Milky Road (2016), Emir Kusturicak zuzendua, Monica Belluccik protagonizatua eta Donostia Zinemaldiko Perlak sailean proiektatua. Aurrez ere jardun zuen Kusturicarekin, Maradona (Cannes, 2008) dokumentalaren ekoizpenean eta Words with Gods (Venecia, 2014) filmean. Kusturicaz gain, nabarmentzekoa da beste zinemagile entzutetsuekin egin duen lana: adibidez Sally Potter, Sara Driver, Jim Jarmusch, Guillermo Arriaga edo José Luis López-Linaresekin. Egile berrien belaunaldi sendoarekin aritu da orobat: Aaron Brookner (Uncle Howard, Burroughs), Edoardo de Angelis (Indivisibili, Mozzarella Stories) eta Victoria Solano (9.70, Sumerge).