"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Txinan 1966an –hau da, Iraultza Kulturalaren lehen aroan, garai erradikalenean– filmatutako metraje amateur bat aurkitu ondoren egina, No intenso agorak intentsitate handiko uneen izaera iragankorrari buruz hitz egiten digu. Frantzian, Txekoslovakian eta, hein txikiagoan, Brasilen 1968an jazotako gertakarien artxibo-irudi batzuekin kontrajartzen ditu Txinako eszenak. Saiakera-filmen tradizioari jarraikiz, ikerketa gisa balio dute: nola egin zuten aurrera gertakari horietan parte hartu zutenek, grinak baretu eta gero. Metrajea artxibokoa da guztiz, eta filmatutakoen gogo-aldartea azaleratzeaz gain –poza, lilura, beldurra, desengainua, atsekabe sakona–, dokumentuen eta euren testuinguru politikoaren arteko harremana argitzen du. Zer esan daiteke Paris, Praga, Rio de Janeiro edo Pekinen inguruan garaiko irudiei begiratuz gero? Zergatik sortu zuen hiriotako bakoitzak dokumentu mota zehatz bat?