Jennifer Peedom
Aparteko elkarlan zinematografiko eta musikala, Australiako Ganbera Orkestraren eta BAFTA sarietarako izendatutako Jennifer Peedom zuzendariaren artean; horren ondorioa, Mountain filma, mendiekiko dugun obsesioaren esplorazio zirraragarria. Duela hiru mende soilik, ekintza erotzat hartuko zitekeen mendia eskalatzea; ez zegoen paisaia basatiek halako lilura sor zitekeelako ideia. Gailurrak gune arriskutsuak ziren, ez ederrak. Orduan, zergatik gozatzen dute gaur egun milioika lagunek mendiaz? Garaieren boterea erakutsiko digu Mountainek: zer-nolako ahalmena duten liluratzeko, eta zer-nolako gaitasun etengabea, gure bizitza eta ametsak bideratzeko.
John DeCesare
Kai Lenny surflariarentzat, ongi pasa dezakeen bitartean, jolastokia da ozeanoa. Surflaria izateak esan nahi duen kontzeptuari etengabe aurka egiten dio; olatu erraldoietan eta itsas handitan aritzen da surfean, ahal duen modu guztietan. Lehiaketan bere burua proban jartzea nahiz lagunekin gozatzea: beretzat olatuak soilik existitzen dira, baita horietan surf egiteko aukera amaiezinak ere, bere gogo irekiak onartzen dituen guztiak.
Ira Opper
80ko hamarkadaren hasieran, itsasontzi herdoildu batzuetan Indonesiako Lombok irla urrunaren inguruan nabigatzen ari zirela, olatu perfektuarekin topo egin zuten Bill Heick Kaliforniako surflari gazteak eta haren lagunek. Surfaren argonauta moderno eta askotariko haiek 'Desert Point' izena jarri zioten olatu eder bezain traidore hari. Aitzindari haiek hamarkada batean baino gehiagoan gorde zuten altxor hori mapatik kanpo eta beren bizitzako helburu bihurtu zuten Desert Pointen beste inor gabe surf egitea… kosta ahala kosta.
Rory Kennedy
Surfaren mito bizi baten erretratu sakon eta aho bilorik gabekoa. Aparteko gizabanako bat aztertzen du Take Every Wave filmak; beldurrak, anbizioak eta erronkek akuilatutako gizabanakoa. Haren bizitzari buruzko kontakizun eferbeszente honek aukera berezia ematen digu, hurbiletik begiratzeko zerk eramaten duen eliteko kirolari bat arauak jarraitu edota haustera; agerian utziko digu zenbateraino aldatu zuen surfaren kirola, zer ondare eraiki zuen, eta zer prezio ordaindu behar duen atleta batek bere bikaintasunagatik.
Serge Hazanavicius
Scott etorkizun handiko snowboarder bat da eta amets handi bat du: lehena izatea. Orain arte inork lortu ez duen zerbait egin nahi du: Everestera igo, eta munduko jaitsiera arriskutsu eta gogorrenetako bat egitea. Chamonixera iritsiko da, mendiko eski eta snowboardaren muinera, eta han Pierrick gurutzatuko zaio bidean, freerideko txapeldun beterano bat, haren goi-mendiko gidari bihurtuko dena. Scottek ongi daki harekin topatu izanak gailurrera eraman dezakeela.
Chris Burkard
Filmak sei surflariren urratsei jarraituko die; Chris Burkard abentura-argazkilariarekin eta Ben Welland zinemagilearekin batera, olatu ezezagunen bila joango dira, Islandiako Hornstrandir natura-erreserbako fiordo urrunetara. Itsasontzi bat alokatu ostean, Isafjordur fiordotik aterako dira, azken hogeita bost urtetan izandako ekaitz handienaren une bortitzenean. Ongi jakinik ekaitzek olatu gogoangarriak sortzen dituztela, taldeko kideak baikor ageri dira, baina porrotari aurre egin beharko diote ekaitza dela-eta kostaldera itzuli behar direnean. Espedizioa errepidez jarraitzea erabaki ondoren, Islandiako negu latza biziko dute; orduan, zalantzan jarriko dute ea merezi duen ezezagunaren bila joateko bizitza arriskatzeak. Ezbeharrak gorabehera, taldeak aurrera egingo du, eta pentsaezinekoa aurkitzeko osagai onena ziurtasunik eza dela aurkituko dute.