72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Beste ekintza batzuk
Beste ekintza batzuk

Arroz solidarioa

Nespressok bere film laburra aurkeztuko du 65. Donostia Zinemaldian: Una nueva vida. Marina Seresesky-k zuzendu du eta Marta Etura da protagonista. Guztira lau kapitulu izango ditu eta mailakatuta emango dira Donostiako lehen emanaldiaren ondoren. Ikus-entzunezko produkzio horren bitartez, bere kontsumitzaileak kapsulak birziklatzearen garrantziaz jabe daitezela nahi du markak, planetaren garapen jasangarrian laguntze aldera. Zuzendariarekin eta emakumezko aktore protagonistarekin batera, Espainiako zinemagintzako beste izen handi batzuk ikusi ahal izango ditugu Una nueva vida filmean; besteak beste, Susi Sánchez edo Antonio Valero. Haien lanari esker, film laburraren istorioak gogoeta egitera eramango gaitu, kontzientzia ekologikoan oinarritutako azpi-mezu garrantzitsu batekin.
Marina Serereskyk zuzendutako Una nueva vida film laburraren aurkezpena. Astelehena 25 12:00 Kursaaleko Prentsa Kluba Akreditatuentzat soilik

Artisautza-azoka

Artisautza garaikidearen erakusleiho bat da azoka. Bertan, hainbat materialen artean, egur, buztin, larru, beira edo paperarekin egindako lanen adierazpenak erakutsiko dira. Azokan dauden pieza guztiak aurkezten dituen artisauak berak diseinatu eta landu ditu.Topagunean parte hartuko duten hogeita sei artisauak Lur Kolektiboak hautatu ditu, Gipuzkoako artisauen erroldan inskribatuta dauden tailerrei lehentasuna emanez. Aurten, kartelak eskuak ekartzen ditu burura, artisau-lan ororen egileak baitira, eta hatzen kurbekin begi bat eratzen da, zinemaren ikurra. Zinemaldiari keinu bat egiten diote horrela. Era berean, parte hartzeko hiru tailer izango ditu azokak. Kris Meraki-k emango ditu eta 17:00etatik 20:00etara garatuko dira: - Irailak 23: Batik, ehunak apaintzeko teknika, Indian sortua. Teknika horrekin, argizari likidoa erabiltzen da ehunaren gainean marrazki bat egiteko, ondoren ehuna tindatzen denean, ati hori kolorerik hartu gabe gera dadin. Teknika hori bera paperean erabiltzen ikasiko da. - Irailak 26: Inprimatze japoniarra egurrezko blokearekin. Egurrezko bloke baten gainean diseinu bat egiten ikasiko da, ondoren tinta txinatarrarekin arroz-paperean inprimatzeko, arte horren tradizio japoniarreko moduari jarraiki. - Irailak 30: Origami-loreak. Origami esaten zaio paper-orriak hainbat modutara tolestuz irudiak eta objektuak sortzen dituen teknika japoniarrari. Loreak eta hostoak egingo dira.
Artisautza garaikidearen erakusleihoa Urriaren 1era arte, 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era Gipuzkoa plaza

Bideoaldia

2016/2017 ikasturtean Larrotxene kultur etxean egindako lanen erakustaldia.
2016/2017 ikasturtean Larrotxene kultur etxean egindako lanen erakustaldia. Trueba zinema-aretoak, 2. Aretoa Osteguna 28, 20:30ean
PROGRAMA
GUIÓN INICIACIÓN (JORGE GIL) 1- RECORTES 3.18 min 2- ANDANTE PIÙ FORTE. 12.55 min 3- TOT-TRUCO O TRATO. 9.23 min BESTE ZINEMAK (KOLDO ALMANDOZ) 4- BESTE ZINEMAK 12.10 min ZINE ZUZENDARITZA (JOSE MARI GOENAGA) 5- KREBA 11.29 min DIRECCIÓN DE CINE (PABLO MALO) 6- ERRAILAK. 7.39 min KOPRODUKZIOAK 7-TXIMINO 10.34 min GUIÓN AVANZADO (MICHEL GAZTAMBIDE) 7- LEHEN JAUNARTZEA. 6.28 min 8- PRUDENTZIO 7.51 min

Eric Baudelaire. Ramón Raquello eta bere orkestraren musika

'Ramón Raquello eta bere orkestraren musika' Eric Baudelaire artistak Espainiako estatuko erakunde publiko batean egiten duen tamaina handiko lehenengo bakarkako erakusketa da. Artistak hainbat euskarritan egindako lanak bildu ditu, besteak beste, filmak, collageak eta grabatuak, baita performance-instalazioak ere, eta bere aspaldiko interes bat islatu du: errealitatearen eta fikzioaren arteko konbergentzia, eta hitzen eta irudien arteko interakziotik sortzen diren tirabira “arriskutsu bezain emankorrak“. Egiten dituen filmetan eta sortzen dituen objektuetan, galdera batek behin eta berriro zeharkatzen du Eric Baudelaireren jarduna: Zer gertatzen da irudiak hitzetatik bereizten direnean?
Eric Baudelaire-ren erakusketa Tabakalera - Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa Andre zigarrogileen plaza 1 Igandea, urriaren 15era arte. Asteartetik ostegunera 12:00etatik 20:00etara. Ostiraletan 12:00etatik 21:00etara. Larunbatetan 10:00etatik 21:00etara. Igandetan 10:00etatik 20:00etara.

GAS NATURAL FENOSA

Gas Natural Fenosak Proyecto Tiempo aurkeztuko du, branded content-eko bere bigarren film luzea. Gas Natural Fenosak, ondoz ondoko laugarren urtez, zinema eta energia-eraginkortasuna elkartu ditu Zinergia proiektuaren barruan. Ekimenak energiaren erabilera arduratsuaren garrantziari buruz kontzientzia harrarazten jarraitzen du, eta horretarako, energia aurrezteko aholkuak eta kontsumoa murrizteko ohitura errazak azaltzen ditu zinemaren bitartez. Isabel Coixet izan da azken edizioaren zuzendaria. Proyecto Tiempo da filmaren izenburua, eta lau zatitan banatuta dago, bakoitza bere hasiera eta amaierarekin. Istorioa etorkizunean dago girotuta, mende erdi batean denbora-espazioan bereizitako lau uneren bitartez, eta gure etorkizuna aldatuko duen asmakizun baten genesia azaltzen du, baita, bereziki, gizakiok energia-kontsumoaren erabilera arduratsua egiteko dilema moral berriei nola egin beharko dien aurre ere. Gure zinemako aktore bikain ugarik parte hartu du ekoizpen honetan: besteak beste, Carmen Machi, Lluís Homar, Úrsula Corberó, Pablo Rivero, Belén Cuesta, Hiba Abouk, Óscar Casas, Laia Manzanares, Miguel Ángel Muñoz eta Charlotte Vega. Gas Natural Fenosa da film luze honen babesle nagusia, eta irailaren 22an aurkeztuko dute Donostia Zinemaldian. Filma doan ikusi ahal izango da Gas Natural Fenosak Boulevard Zumardian duen Escape Room efizientean, irailaren 22tik 30era bitarte. Horretaz gain, bisitariek zinema-sariak eta sarrerak lortu ahal izango dituzte.
GAS NATURAL FENOSAREN ZINERGIA PROIEKTUA Kursaaleko prentsa-kluba Ostirala 22, 12:00etan Zinergiaren film berriaren, Proyecto Tiempo-ren, lehen zatiaren aurkezpena. Isabel Coixet da zuzendaria. Akreditatuentzat soilik. Gas Natural Fenosaren Escape Room efizientea Boulevard Zumardian kokatua Irailaren 22tik 30era Sarrera librea

Hitchcock, suspensetik harago

'Hitchcock, suspensetik harago' Espainian zinemagile britainiarraren inguruan egin den lehen erakusketa handia da. Bertan, hainbat euskarriren bidez emango dira suspensearen maisuaren zinema ulertzeko gakoak: fotograma handituak, ikus-entzunezkoak, storyboard-ak, kartelak, soinekoak...
Zinemagile britainiarraren inguruko erakusketa San Telmo museoa Zuloaga plaza, 1 Urriaren 1era arte, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara

Iberoamerikako Emakume Zinemagileen I FIACINE Foroa

Iberoamerikako Emakume Zinemagileen I. FIACINE Foroari hasiera emateko, Suediako Zinema Institutuko zuzendari Anna Serner-ek hitzaldi bat emango du emakumezko zinemagile iberoamerikarren eta publiko orokorraren aurrean, bere proposamenak eta legegintza-eredua azaltzeko. Izan ere, eredu horren bitartez genero-berdintasuna lortu du bere herrialdeko ikus-entzunezkoen sektorean. Anna Sernerren hitzaldia amaitutakoan barne-lanerako saio bat egingo da, lantalde batek aldez aurretik landutako dokumentu bat eztabaidatu eta bateratzeko. Dokumentu horretan bilduko dira instituzioek eta erakundeek sektorean genero-berdintasunaren inguruan lortu behar dituzten konpromisoak eta proposamenak. Saioko kideek eztabaida amaitu eta euren ondorioak idatzi ondoren, Mexikoko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidente eta FIACINEko zuzendari Dolores Herediak argitara emango du denen artean bateratutako txostena, hedabideei zabaldutako elkargune batean, iritzi publikora heda daitezen prozesuan lortutako ondorioak.
Suediako Zinema Institutuko zuzendari Anna Serner-en hitzaldia eta foroaren ondorioak zabaltzeko prentsaurrekoa San Telmo museoa (Zuloaga Plaza 1) eta Kursaal Osteguna, irailak 28

Ikus-entzunezko gozamena. Kontzertua & Proiekzioa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE fundazioak eta Donostia Zinemaldiak zinema-musikako kontzertua aurkeztuko dute Zinemaldiaren esparruan, Euskadiko Orkestraren eskutik. Era berean, aurten, Zinemaldiaren lehen larunbatean, Belodromoa eguerdian irekiko da musikazale, zinemazale eta publiko orokorrarentzat, soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta musika bakoitzari dagokion filmaren eszena-muntaia bat uztartuko dituen ikuskizun batean. Kontzertuak film hauetarako konposatutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu: El laberinto del fauno (Guillermo del Toro), Bienvenido Mr. Marshall (Luis García Berlanga), O Apóstolo (Fernando Cortizo), Nur eta herensugearen tenplua (duela gutxi hil den Juanba Berasategirena, haren omenez) eta Los Borgia (Antonio Hernández). Partituren egileak dira Javier Navarrete, Jesús García Leoz, Xavi Font, Joserra Senperena eta Angel Illarramendi; konpositore batzuk kontzertuan izango dira eta eszenatokira igoko dira euren lana aurkezteko. José Miguel Pérez-Sierraren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera abestuko dute Nora Goyalde (mezzo) eta Sergio Falque (baxua) solistek, eta Donostiako Orfeoiak. Musikarekin batera, Morgan Crea taldeko Carlos Rodriguezek kontzerturako espezifikoki sortutako irudi-muntaia bat proiektatuko da 400 m2ko pantaila batean.
Antonio Elorza Belodromoa Anoetako pasealekua z/g Larunbata, irailak 23 12:00 Sarrera librea, Okendoko eta Kursaaleko Informazio Guneetan nahiz Donostiako Turismoan gonbidapenak jasota
PROGRAMA
Javier Navarrete: El laberinto del fauno (Guillermo del Toro) Jesús García Leoz / A.J. Nieto, B. Lauret: Bienvenido Mr. Marshall (Luis García Berlanga) Xavi Font / A. Vaquero, A. Peña, J. Rodríguez, M. Mato: O Apóstolo (Fernando Cortizo) Joserra Senperena: Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategi) Angel Illarramendi: Los Borgia (Antonio Hernández)

Jaeger-LeCoultre - Aladina Fundazioa

Jaeger-LeCoultre goi-erlojugintzako marka suitzarrak Aladina fundazioarekin lankidetzan aritzeko erabakia hartu du, ondoz ondoko bosgarren urtez. Fundazioak laguntza ematen die minbizia duten haurrei, eta lankidetza horren bitartez, markaren babesa jasoko du aurten ere. Azken 11 urteetan, Serious Fun Children’s Network kanpamentuen nazioarteko sarearekin elkarlanean aritu da Aladina Fundazioa. Paul Newman-ek sortu zuen sare hori, gaixotasun larriak dituzten haurrentzat. Uda guztietan, fundazioak minbizia duten 130 haur inguru eramaten ditu Barretstown-era (Irlanda), aste zoragarri batez gozatzeko. Aurten, Jaeger-LeCoultrek proiektu berri batean lagundu nahi izan dio fundazioari. Helburua da 20 haurri aukera ematea Italian kokatutako Dynamo Camp kanpamentu berrian bizipen zeharo berezia izateko. Fundazioa 2017ko udan hasi da kanpamentu horrekin lanean. Oro har, kanpamentuok esperientzia ahaztezina ematen diete bertara joaten diren haur eriei, eta horri esker autoestimua berreskuratzen dute eta energia berriekin itzultzen dira minbiziaren aurka borrokatzen jarraitzeko. Lan guztia medikuen ikuskapen profesional eta diskretuarekin egiten da. Jaeger-LeCoultrek Aladina Fundazioari ematen dion laguntzari esker, minbizia duten Espainiako gero eta haur eta nerabe gehiago joan daitezke udan kanpamentu horietara, guztiz doan. Aurreko urteetan bezala, Jaeger-LeCoultrek aparteko babesle baten ikuspegia eta esperientzia baliatu nahi izan du proiektu solidarioa Donostia Zinemaldian aurkezteko. Aurten María León antzezleak beteko du zeregin hori, hainbat proiektu solidariotan laguntzen baitu eta hainbat urtez aritu baita Aladina Fundazioarekin elkarlanean. Joan den abuztuan, María de Leónek boluntario gisa bidaiatu zuen Dynamo Camp kanpamentura, haurrekin egun batzuk emateko eta zuzenean bizi ahal izateko esperientzia solidario liluragarri hori. Irailaren 23an, Jaeger-LeCoultrek prentsarekin bilera informala antolatuko du Donostiako María Cristina Hotelean. Agerraldi horretan, María de Leónek berak emango digu kanpamentuan izandako esperientziaren berri, eta proiektuari buruz duen ikuspuntua azalduko digu.
Jaeger-LeCoultre eta Aladina Fundazioaren arteko ongintza-ekintzaren aurkezpena María Cristina hotela (Elcano aretoa) Larunbata 23, 17:30ean Akreditatuentzat soilik.

Zinema, papera eta guraizeak

'Zinema, papera eta guraizeak' erakusketak arte ederretako paper eta kartoi mehez egindako diorama batzuen bidez irudikatzen ditu garai eta leku guztietako film entzutetsu batzuk, beren ikusmolde artistikoarengatik nolabait nabarmentzen direnak. Fernando Mircala-ren lana –urte askoz Jack Mircala ezizena erabili zuen– zorrotza eta arduratsua da eta ageriko errealismo poetikoa dauka. Irudigintza bitxienaren lilurapean, erromantizismoaren, fantasia eta zientzia fikziozko zinemagintzaren eta XX. mendeko Europako abangoardiako artearen ondarea arakatzen du artistaren lan grafikoak. Bere lanean hainbat diziplina batzen ditu; besteak beste, diseinua, arkitektura, ilustrazioa eta eszenografia. Lan egiteko erabiltzen dituen materialen artean, kartoi meheak, arte ederretako paperak, eta artisau-paperak eta estanpazioak daude. Horiekin guztiekin bolumen-maketak egiten ditu, agertoki edo diorama txikien moduan, baita erliebezko koadroak ere, jostailuen, artisautzaren eta antzerkigintzaren izaera magikoa hartzen dutenak.
Fernando Mircalaren erakusketa Okendo kulturetxea Nafarroa Hiribidea, 7 Urriaren 21era arte, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era

An Inconvenient Sequel: Truth To Power

An Inconvenient Truth filmak klimaren krisia jendartean ezagutzera eman eta hamar urtera, sekuela zoragarri eta zirraragarria hau agertu da, energiaren benetako iraultza batetik zein gertu gauden agerian uzten duena. Estatu Batuetako presidente ohiak, Al Gorek, amore eman gabe jarraitzen du borrokan, mundu osoan zehar bidaiatuz, klimaren aldeko armada sutsua prestatu eta munduko klima-politikan eragina izateko. Kamerek ezkutuan jarraituko diote, une pribatu eta publikoetan, dibertigarri eta hunkigarrietan. Haren ahaleginen helburua da ideia bat egi bihurtzea; hain zuzen ere, aurrez inoiz ez bada ere egon hainbeste jokoan, giza adimen eta grinaren bitartez klima-aldaketaren arriskuak gaindi daitezkeela. Jon Shenkek eta Bonni Cohenek elkarrekin zuzendu zuten Audrie & Daisy, 2016an, Sundance zinema-jaialdiko lehiaketan estreinatutako dokumentala. Shenk argazki-zuzendaria izan zen halaber. Aurrez, Lost Boys of Sudan (2004) dokumentala zuzendu zuen Shenkek, Megan Mylan-ekin batera, eta Truer Than Fiction saria eskuratu zuen Independent Spirit Awards sarietan. 2008an Smile Pinki dokumental laburreko argazki-zuzendaria izan zen. Filmak dokumental labur onenaren Oscar saria irabazi zuen. 2011n, The Island President zuzendu, eta dokumental onenaren Publikoaren Saria irabazi zuen Torontoko zinema-jaialdian. Bonni Cohenek, bestalde, The Rape of Europe (2006) zuzendu zuen, Richard Berge eta Nicole Newnham zuzendariekin batera, baita dokumental onenaren Emmy sarirako izendatutako Inside Guantanamo (2009) ere, Jon Else-rekin batera.
Igandea 24, 19:00etan Príncipe zinema-aretoak, 7. aretoa

Lumière! L'aventure commence

'Lumière! L’aventure commence' Lumière anaien kopia zaharberrituen bilduma bat da, zinemaren sortzaileen unibertsoan zeharko bidaia bat, eta Thierry Frémauxek pasioz eta umorez ematen digu haren berri. Lumière! filmak irudi ahaztezinak ematen dizkigu, baita aro modernoaren hasierako Frantziari eta munduari buruzko ikuspegi paregabea ere; funtsezko filmak dira benetan, eta zinemagintza garaikidearen mundua argiztatzen dute. Irailaren 23an Tabakalerako zinema-aretoan aurkeztuko eta komentatuko du filma, Donostia Zinemaldiaren esparruan. “Asko pozten eta harrotzen nau nire filma, Lumière!, Donostia Zinemaldian erakusteak; izan ere, mundu osoko zinema-jaialdi gogokoenetakoa dut, eta ez soilik planeta osoan jateko lekurik onena delako Donostia, Lyonekin batera”, adierazi du. Thierry Frémaux Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendaria da 2001etik, baita Lumière zinema-jaialdiarena eta Lyongo Lumière Institutuarena ere. Frantziako erakunde akademiko horren xedea da Frantziako zinematografia sustatu eta jendarteratzea, eta Auguste eta Louis Lumière anaiek zinemari egindako ekarpena ohoratzea. Gainera, judo-maisua da, 4. daneko gerriko beltza, Bruce Springsteenei buruzko espezialista eta Olympique Lyonnais futbol taldearen zale sutsua. Lyon eta Paris artean bizi da, baina Parisen ‘rue de Lyon‘ kalean bizi da.
Larunbata 23, 19:00etan Tabakalera, 1. aretoa

Volar

Iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakumek asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak badira ere, gai dira hitzen beharrik gabe elkar ulertzeko. Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere. Gainera, beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute beren bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe. Bertha Gaztelumendi, kazetaria eta Bake eta Gatazken Konponbide Ikasketetako Masterra Bradfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako ikerlari kontratatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Dokumental hauek idatzi eta zuzendu ditu: Mariposas en el hierro (Tximeletak burdinean, 2012), askotariko indarkerien biktima izandako emakumeen inguruan; Nigar franko egingo zuen aitak (2014), gerraosteko Amasa-Villabonako testigantzak jasotzen dituena; eta Las buenas compañías (2015) Nuria Casalekin batera zuzendutako film laburra.
Asteartea 26, 20:30etan Trueba zinema-aretoak, 1. aretoa (Lehen emanaldia)

Grimsey

Grimsey filmaren emanaldi pribatua LGTB zinema-jaialdietako zuzendarientzat. Izan ere, 2015. urteaz geroztik elkargune bat egiten dute urtero Donostia Zinemaldiaren esparruan. Espainiako eta Latinoamerikako programatzaileak izango dira Richard García eta Raúl Porterok zuzendu, idatzi eta protagonizatutako filmaren emanaldian. Grimsey filmean Brunori jarraituko dio kamerak, Islandiako uharte urrun batean Norbertoren bila doanean.
Príncipe zinema-aretoak (1. aretoa) San Juan kalea 10 Asteazkena, irailak 27 10:00 / 11:30 Akreditazioa dutenentzat

Proiekzio bereziak / San Telmo

San Telmo museoak bi saio berezi programatu ditu 65. Donostia Zinemaldiaren esparruan. Alberto García-Alix zinemagilearen De donde no se vuelve (2009) film ertaina osagarri bikaina da Nicolás Combarro artistaren La línea de sombra filmarentzat. García-Alix idazleari buruzko dokumental hori Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da aurtengo Zinemaldian. Proiekzioaren ondoren, García-Alixek eta Combarrok mintzaldi bat emango dute. Bestalde, Carlos Rodríguez zuzendariaren Hitchcock, la ficción sin límite dokumentala proiektatuko da, museoak une honetan duen erakusketa dela eta: “Hitchcock, suspensetik harago”. Ondoren, dokumentalaren gidoilariak, Carlos F. Herederok, moderatutako eztabaida bat egingo da. Era berean, museoak hainbat film proiektatuko ditu Zinemaldiak aurten Joseph Losey zinemagileari eskainitako atzera begirakoaren barruan.
San Telmo museoa (Zuloaga plaza, 1) Sarrera librea
PROGRAMA
Larunbata, irailak 23 18:00 De donde no se vuelve Astelehena, irailak 25 18:00 Alfred Hitchcock, la acción sin límites Joseph Loseyren atzera begirakoa Asteartea, irailak 26, eta osteguna 28: 16:00etan Stranger on the Prowl (90') 18:00etan Figures in a Landscape (110') Asteazkena irailak 27, eta ostirala 29: 16:00etan King and Country (88') 18:00etan A Romantic Englishwoman (116')

El Reino

El reino filmaren aurkezpena. Rodrigo Sorogoyen-en film berria filmaketa-fasean dago, Madrilgo, Nafarroako eta Valentziako hainbat kokalekutan. Ekitaldian filmaren lehen irudiak proiektatuko dira eta bertan izango da zuzendaria. Gidoia Isabel de la Peñarekin batera idatzi du, biek elkarrekin Donostian gidoi onenaren saria irabazi ondoren, iaz, Qué dios nos perdone filmarekin. Era berean, ekitaldian izango dira Antonio de la Torre, Bárbara Lennie eta Ana Wagener antzezleak, eta Gerardo Herrero, filmaren ekoizlea. El Reino ustelkeriari, politikari eta gizakiari buruzko thriller bat da, gezurra bizimodu gisa erabiltzeari buruzkoa.
Príncipe zinema (10. aretoa) San Juan kalea 10 Igandea, irailak 24 12:30

Buñuel en el laberinto de las tortugas

Buñuel en el laberinto de las tortugas animazio-film luzearen aurkezpena. The Glow Animation Studio estudio espainiarrak eta Submarine holandarrak sustatu dute Espainiaren eta Holandaren arteko koprodukzio hau, Luis Buñuelen Las Hurdes dokumentalaren filmaketan oinarrituta. Ekitaldiaren aurkezleak Salvador Simó, filmaren zuzendaria eta gidoilarikidea, eta Manuel Cristóbal, Arrugas filmarekin bi Goya sariren irabazlea, izango dira. Filmeko bi sekuentzia amaitu proiektatuko dira ekitaldian, eta estilo bisualaren aurkezpen osoa egingo da. Filmaren estreinaldia 2018an izango dela aurreikusten da.
Príncipe zinema (10. aretoa) San Juan kalea 10 Astelehena, irailak 25, 12:30

Campeones

Campeones filmaren zuzendari Javier Fesser-ek eta Luis Manso eta Álvaro Longoria ekoizleek Donostia Zinemaldiaren esparruan aurkeztuko dituzte Caminoren (Sail Ofiziala, 2008) egilearen azken filmaren sekuentzia batzuk (postprodukzio-fasean dago). Campeonesek Marcosen istorioa kontatzen du. Marcos saskibaloi talde profesional bateko bigarren entrenatzailea da. Kaleratu egingo dute eta 90 egunez gizarte-lanak egitera behartuko dute, adimen-desgaitasunak dituen talde bat entrenatzeko.
Príncipe zinema (10. aretoa) San Juan kalea 10 Asteartea, irailak 26 12:30

Errementari

Errementari: El herrero y el diablo filmaren aurkezpena. Paul Urkijo-ren lehen film luzea da eta Álex de la Iglesiak ekoitzi du. Jugando con la muerte eta El bosque negro film laburren egileak Asier Guerricaechebarríarekin batera idatzi du gidoia, euskal tradizioko Patxi Errementaria kontakizunean oinarrituta. Filmaren aurkezpenean izango dira Paul Urkijo eta Álex de la Iglesia, eta Eneko Sagardoy, Joxean Bengoetxea, Kandido Uranga eta Ramon Agirre antzezleak.
Príncipe zinema (10. aretoa) San Juan kalea 10 Asteazkena, 27 12:30
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: