"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
II. Mundu Gerraren azken egunetan, Alemaniako tropak guda galtzen ari dira, kaosa da nagusi eta ihesean dabilen soldadu nazi batek, bere burua salbatzeko, kapitain baten uniformea lapurtuko du. Ofizial bat itxuratuz, desertore talde bat bilduko du eta bere bidean dagoen guztia hiltzen eta arpilatzen hasiko da. Der Hauptmann filmarekin, berriz ere Alemaniara itzuli da Robert Schwentke gidoilari eta zuzendaria.
Schwentkek idatzitako gidoia egiazko gertaeratan oinarritzen da, “gertaera dokumentatuetan”, dio zuzendariak, nahiz eta kapitain faltsu honen iragana ezezaguna den. “Gerra aurretik tximinia-garbitzailea zela diote, baina egin zuena egiteko ez da inolako arrazoirik”, erantsi du protagonista haragitzen duen Max Hubacher aktoreak.
Ia edozer egiteko baimena daukan norbaiten larruan sartuta, protagonistak filmaren lehen zatian izaten duen bilakaera da lan honen alderdirik sendoenetako bat. Hasieran zalantzakor, egin duen ordezkapena igarriko dioten beldur; pixkanaka autoritatea baliatzen hasten da, benetako ofizialak baino doilorragoa den pertsonaia eraikiz.
“Geroz eta gutxiago ulertzen ditut haren egintza lazgarriak”, ziurtatu du Schwentkek, nahiz eta bere asmoa ez den “munstro bat erakustea” izan. “Bizirik dirauelako gozatzen du, ez du gozatzen egiten duenarekin”, azaldu du pertsonaiaren jokabidea zuritu nahian.
Modu eraginkorrean kontatuta dagoen istorio honek gainbehera baten detaile-argazkia eskaintzen digu, non puntu batetik aurrera, eldarnioa nagusitzen baita. Heriotza masiboak eta parranda neurrigabeak, inora ez doan ihesaldi baten azken krimenak. “Egia da tonua aldatu egiten dela filmak aurrera egin ahala, eta ulertuko nuke ikusle batzuentzat gehiegizkoa suertatzea”, onartu du zuzendariak.