"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Juanma Bajo Ulloak bere seigarren luzea izango den Baby lanaren teaser-a aurkeztu du Zinemaldiaren eremuan. Errealizadore gasteiztarrak aditzera eman duenez, aldi honetan suspense dramatikoko lan bati ekingo dio: “Ez da film mutua, baina ez du dialogorik izango. Asko jokatuko dugu elementu zinematografikoekin, dekoratuekin, kamerarekin, baita pertsonaien begiradekin ere. Pelikulak lau emakumezko aktore baino ez ditu. Finean, oso generoko filma izango da, asmo komertzial handirik gabea”.
Zuzendariak aitortu duenez, pelikula datorren urtean filmatuko da, udaberri edo udazken partean, finantzaketaren arabera. Filmaketa sei astez luzatuko da oraindik erabakitzeke dauden kokapen gutxi batzuetan. “Pelikulak nazioarteko bokazioa du, irudietan oinarritua izango da batik bat, elkarrizketarik gabe baina soinu-bandari, isiluneei eta hotsei garrantzi handia emanez”, azaldu du Ulloak. Teaser- aren aurkezpenean Malick izan da, soinu-banda gauzatzeaz arduratuko den musikari senegaldarra.
SERGIO BASURKO