"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Orain dela urte asko, Tommy Wiseau zuzendari eta aktoreak pelikula bat egin nahi zuela erabaki zuen. Esan eta egin, 2003an The Room aurkeztu zuen, berak jarritako 6 milio euroko aurrekontuarekin. Pelikula porrot hutsa izan zen. Kritiko askok zinemagintzako historiaren pelikula txarrena zela ere adierazi zuten, baina urteak pasa ahala, film hori oraindik zinemetan proiektatzen jarraitzen da eta 14 urte ondoren oraindik ere pelikula horri buruz hitz egiten da, askok kultoko pelikula bat bihurtu dela esateraino.
2013an, pelikula aurkeztu baino 10 urte geroago, Wiseauren lagunak, eta ko-protagonista pelikulan, Greg Sesterok, pelikula horren making-of-aren liburua idatzi zuen. Liburu hori James Franco aktore eta zuzendariaren eskuetara iritzi zen, eta behin irakurrita zinemara eramatea erabaki zuen. Horrela The Disaster Artist filma ekoitzi zuen, James Franco zuzendari moduan, Tommy Wiseauren papera eginez, eta bere anaia, Dave Franco, Greg Sesteroren paperean. Oraingoan pelikula ona edo txarra den bakoitzak erabakiko du, baina behintzat barreak ziurtatuta daudela argi dago.
“Oso istorio zoroa da”, ziurtatu du James Francok, baina onartu duen bezala, aktore asko identifikatuta sentituko dira Tommyren pertsonaiarekin, “ni neu identifikatzen naiz. Aktore izatea oso lan zaila da; hasieran inor ez du zugan sinisten; kamarero moduan edota beste lan asko egin behar izaten dira aktore lan bat lortu arte. Baina benetan zerbait nahi duzunean, borroka egin behar da, eta hori izan zen Wiseauk egin zuena, borrokatu eta lortu. Uste dut hori dela egin behar duguna, gure ametsak jarraitu”.
Horregatik asko gustatu zitzaion bere pertsonaia egitea, “ez zen lan erraza izan. Wiseauk berak proposatu zidan ni neu bera izatea, eta asko prestatu nuen nire burua horretarako”. Azaldu duenez, benetazko pertsonaia bat egiten duzunean ez da bakarrik bere itxura hartu behar, baizik eta “nortasun guztia hartu. Horretarako liburua behin eta berriro irakurri nuen”, dio.
Greg Sesteroren papera Jamesen anaiak, Dave Francok, egiten du. “Hasieran proiektua kontatu zidanean pelikula etxean ikusi eta harrituta geratu nintzen. Baina The Room ez da bakarrik ikusteko pelikula bat, baizik eta lagunekin ikusteko, eta besteengan aukan erreakzioa ikusteko. Horregatik zinemara joan nintzen ikustera eta orduan ulertu nuen Jamesek proiektua egin nahi izatea”, baieztatu du.
James Francok adierazi duenez, Tommy Wiseau The Disaster Artisten estreinaldira joan zen eta nahiz eta liburua ez zitzaion gustatu, “pelikula % 99,9-an gustatu zitzaiola onartu zidan”.
Bere garaian Wiseauk ordaindu egin zuen pelikula bi astetan zehar karteleran jarrai zezan, Oscarretara joateko aukera izateko –ez zen nominatua izan–. James Francok, aldiz, ez dirudi ordaindu egin beharko duenik bere pelikulak karteleran egoteko.
NAIA DÍEZ