"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aurtengo Donostia Sariak hirutasuna izan du ezaugarri. Izan ere, hiru izan baitira aurtengo sarituak. Lehena, Agnes Vardari Victoria Eugenia antzokian eman ziotena; bigarrenak, Ricardo Daríni zegokionak, Kursaala izan zuen agertoki; eta hirugarren honek, Monica Belluccirenak, Belodromoa izan du eszenatoki.
Oso dotore eta garai bateko italiar diven gisara arrosa koloreko soineko batez jantzirik puntu-puntuan heldu da Monica Belodromora. Sarreran, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek egin dio harrera. Ekitaldi bakan eta apartekoan, Belodromora bildutako jendearen txalo artean eta ikusleen begirada zorrozpean, John Malkovich aktorea izan da 65. edizio honetako saririk garrantzitsuena Monica Bellucci italiarrari emateaz arduratu dena, zeinak esker oneko esaldi bakarra ahoskatu duen: “Eskerrik asko, ohorea da niretzat hainbeste errespetatzen dudan zinema-jaialdiaren sari berezi hau jasotzea”.