"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak euskal animazioaren aitzindari Juanba Berasategiren ibilibidea aitortu du III. EZAE Sariarekin. EZAEko presidente Alfonso Benegasek eman zion saria Miren Berasategiri, zinemagile pasaitarraren alabari. Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinos, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, eta EZAEko ordezkari Coro Odriozolak esker oneko hitzak izan zituzten apirilean zendu zen Berasategirentzat, euskal zinema-industriari egin dion ekarpenagatik.
“EZAEk euskal zinemaren sortzaile bat edo film bat saritzeak ondo adierazten du euskal zinemagintzaren osagai ezberdinen arteko ezinbesteko lotura”, aipatu zuen Joxean Muñozek. Loturak Films ekoiztetxearen sortzailea izan zen Berasategi gogoratzean; zera esan zuen Kultura sailburuordeak: “Eskuz landu zituen, artisautza eginez, gaur egun euskal animazioaren industria posible egiten duten loturak”.
Omenaldiaz gain, Juanba Berasategiren lana berriro zinema-aretoan ikusteko aukera emango du 65. Donostia Zinemaldiak. Nur eta herensugearen tenplua, zinemagilearen film postumoa, ikusgai izango da gaurtik larunbata bitartean, Zinemira sailean.
IRENE ELORZA