"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Julia Juaniz muntatzaile nafarrak atzo jaso zuen Zinemira saria Jorge Guerricaecheverría gidoilariaren eskutik. Victoria Eugenia antzokian ospatu zen Euskal Zinema eta ETBren Gala aurpegi ezagun ugariz beteta zegoen. Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko sari hau urtero, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzeko.
Julia Juanizek muntatzaileen jardunaz hitzaldi pedagogikoa egiteko aprobetxatu zuen gala.
“Muntatzaileen lana ez da jaialdi askotan saritzen eta Donostia Zinemaldiak aurten lanbide hau saritzea zoragarria da, bultzada bat izan daiteke”, adierazi zuen. Bere ibilbide profesionalean aukera eman dioten zuzendariak gogoan izan zituen Juanizek. Bestalde, ikus- entzunezko hizkuntza ezagutzearen garrantziaz ere hitz egin zuen eta hezkuntza arautuan sartu beharko litzatekeela aldarrikatu zuen. Bide batez, zinemaren eta herrialdearen etorkizunari eskaini zion saria, bereziki bere semeari. “Ez naiz ezkonduko, ez dut erretiroa hartuko; beraz, hau da nire festa!”, esan zuen amaitzeko.
Elkarrekin-Together filmaren proiekzioarekin jarraitu zuen ekitaldiak. Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Igor Otxoak zuzendutako dokumental honek Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian sartu da.
IRENE ELORZA