"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bere familia osoa fede katolikora konbertitu ondoren haiekiko distantzia gero eta handiagoa zela sentitzen zuen David Arratibelek. Egoera ulertzeko eta egiteke zeuden solasaldi batzuei ekiteko asmoz, zuzendari nafarrak film bat egitea erabaki zuen. Baina guztiaren gainetik film on bat egitea zuen helburu, hau da, bulkada artistiko batean oinarrituta dago proiektua. Maitasunari, absentziei eta distantziei buruzko ordubeteko dokumental hau gaur ikusi ahal izango da Zinemira sailaren barruan.
Berez, erlijioak inoiz ez diola interesik piztu aitortzen du Arratibelek. “Norberaren erlijioaren bizipena edo sentipen transzendentalaren aurkako jarrerarik ez dut inoiz izan, bai ordea erlijioak suposatu lezakeen askatasun faltaren kontrakoa”, adierazi du. Familia konbertitzen denean alboratuta sentitu zen eta hor hasi zen dokumentalaren ideia mamitzen. Senitartekoak elkarrizketatzen hasi zenean, lagunarteko giroan, konturatu zen kameraren aurrean hitz egi- tean solasaldiak lasaiagoak zirela eta entzutea aktiboagoa zela. “Galderak egiten hasi nintzen baina momentu batean konturatu nintzen filma galdezka hasi zitzaidala”, dio zuzendariak.
David Arratibelen Conversok Publikoaren Saria lortu du aurtengo Nafarroako Punto de Vista jaialdian, eta dokumentaleko zuzendari onenaren Zilarrezko Biznaga Malagako zinema-jaialdian.
I.E.