"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo abiatu zen Zinema Ikasleen Nazioarteko XVI. Topaketa, 65. Donostia Zinemaldiaren esparruan irailaren 29ra arte Tabakaleran egingo den ekimena. Bertan, Alemania, Argentina, Belgika, Kroazia, Estatu Batuak, Frantzia, Israel, Mexiko, Portugal, Txekiar Errepublika eta Errusiatik etorritako hamalau film labur aukeratu dira 45 herrialdetako 110 eskolek aurkeztutako 209 lanen artetik.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen dute topaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen filmak ezagutzera emateko asmoz. Irekiera-ekitaldian, Donostia Zinemaldiaren zuzendariondoko Maialen Belokik eta Tabakalerako zuzendari Ane Rodriguezek ongietorria egin zien mundu osotik etorritako ikasleei. Zinemaldiak talentu berriekin duen konpromiso sendoa berretsi zuen Belokik. “Tabakalerarekin elkarlanari esker zinegile berrientzako plataforma izaten jarraitu nahi dugu”, gaineratu zuen. Rodriguezek, bere aldetik, aukeratutako lanen egileak zoriondu zituen eta topaketa hau euren jardunean inflexio-puntu bat izatea opa zien. “Zinema egiteko modu berrien eta talentu berrien aldeko apustua egin dugu”, esan zuen Tabakalerako arduradunak. Biek ala biek, aste honetako eguneko egonaldian asko gozatzea eta ikastea aholkatu zien ikasle gazteei.