"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Luze jardun genezake Loseyk behin baino gehiagotan plazaratu zituen pelikularen gaietaz, zertzeladetaz: Biblia, lotsa, hetero/homosexualitatea, ezkontzak dakarren ausiabatza, suntsitzen ditugun objektu ederrak, blasfemia, ispiluak. Intentzio eta asmo anitzen xahutze berdindugabe balitz bezala sumatzen dugu askotan ez jainkoen ez gizakien legerik onartzen ez duen film hau, dardarazio bizian ikusten dugun 1962ko zeluloide puska.
Venezia bera azter genezake. Eva bezain lizun eta hilgarria den Venezia hori, Gianni Di Venanzo argazki zuzendariaren kamerak zerraldo zuribeltza bilakatzen duena. Miretsi beharrekoak dira zeluloideak eta Adriatikoak sorturiko lanbroa, lurrun mendetako horiek. Belauniko erori beharko genuke hiletagondola ilunaren gainean ikusten dugun zurezko aingeru horren aurrean. Sartu beharko genituzke esku biak milurtetako ur lodiera likatsuan.
Hamaika, ehun, mila hitz solte egin genezake film oparo horren inguruan. Erreferentzia guztiak bilatu.
Berba egin Loseyk, damu, urteak pasa eta gero aitortu zuen auto barkaberatasun beraz. Berba, mintzo, hitz. Alferrik ordea. Itzulinguruka aritu arren, beti egingo genuke topo eta estropezu irudi berarekin. Beti erori- ko ginateke kontent bezain deabruak eramana isla beraren aurrean: Evaren aurrean. Denontzat ezin deskribatuzkoa suertatu den Moreauren begiradaren menpean. Egun, deabru sofistikatua Pradaz janzten dela badakigu. Garai hartan gizonezkoen zein emakumezkoen bizitzak eta arimak deseustatzen zituen demonio desiragarria Pierre Cardinez jazten zen.
Mila buelta emango genioke Eve filmari. Zinez zeluloidezko mila aitzakia erabili. Galdetuko genioke elkarri zergaitik Sight &Sound aldizkarian, itzuliezina den arren, snob arekin zerikusia duen poshlust hitz errusiarra idatzi zuen Loseyk pasarte askotan (beti aldizkari horren usteetan) jarrera intelektual burgoia azaltzeko edo salatzeko.
Mila zeharbide hartuko genuke ez aitortzeko aretoko iluntasunean emakumezko askori Eva izatea gustatuko litzaigukeela. Eta gizonezko makina bat prest izango zirela haren esklabu izateko. Nahiz eta denontzat amets horiek horren perilosoak izan. Arriskua da Zinemak eskaintzen digun tranparik ederrena.
BEGOÑA DEL TESO