"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak aurkezten dute Euskadiko Orkestrak Zinemaldiaren baitan emango duen kontzertua. Aurtengoan ere, Zinemaldiko lehenengo larunbatean, eguerdi partean, Belodromoa irekiko zaie melomano, zinemazale eta askotariko ikus-entzuleei, soinu-banden interpretazio sinfonikoak eta horiei dagozkien filmetako eszena-muntaiak uztartzen dituen ikuskizunaz gozatzeko. Ordu eta erdiko “ikus-entzunezko gozamena” izango da.
Kontzertuak honako film hauetarako sortutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu: El laberinto del fauno (Guillermo del Toro), Bienvenido Mr. Marshall (Luis García Berlanga), O Apóstolo (Fernando Cortizo), Nur eta herensugearen tenplua (duela gutxi zendutako Juanba Berasategirena, hari omenaldi gisa) eta Los Borgia (Antonio Hernández). Partitura horien egile dira Javier Navarrete, Jesús García Leoz, Xavi Font, Joserra Senperena eta Angel Illarramendi; horietako batzuk kontzertura bertaratu eta eszenatokira igoko dira euren lana aurkezteko.
José Miguel Pérez-Sierraren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera arituko dira Nora Goyalde (mezzoa) eta Sergio Falque (baxua) bakarlariak, eta Donostiako Orfeoia. Aldi berean, 400m2ko pantailan proiektatuko den irudi-muntaia espreski ikuskizun honetarako sortu du Morgan Crea-k.
Sarrera doakoa da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea, irailaren 22a baino lehen, Zinemaldiak Kursaal Elkargunean eta Okendo Plazan dituen informazio guneetan, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoa bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara eta igandean, 10:00etatik 19:00etara, eserlekuak agortu arte. Ez zarete damutuko.
S.B