"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Eskerrik asko Donostia!” behin eta berriz esan du Emily Watsonek Donostia saria José Luis Rebordinosen eskuetatik jaso duenean. Londresen jaiotako aktoreak zineman hasi zeneko garaia gogoratu eta harrez gero izandako bizitza eskertu du.
Soineko luze urdin ilunaz jantzita, Watsonek zera nabarmendu du: “nire lanbidean beste pertsona bat izaten saiatu naiz beti eta orain hemen bakarrik izatea oso zaila egiten zait, biluzik sentitzen naiz ni neronen papera eginez, aitzitik, bene-benetan diot guztiz eskertzen dudala honako ohorea”. Aktore saridunak azpimarratu duenez, “pelikula bat egitea lankidetza ekintza bat da”, beraz sekula ez zen Donostian izango lankide izan dituen pertsona horiengatik izan ez balitz.
“Filmaketa set batera joan nintzen estreinako aldia atzo izan zela iruditzen zait, lankidetza ordu mordoa isiltasun ikaragarrian bilduak, zuzendariak ‘ekin!’ esaten duen arte; eta orduan dena abiarazten da, filma ehuntzen, alfonbra magiko bat izango balitz bezala”, adierazi du antzezleak.
“Nire filmetan lankide izan diren guztiei bihotzez eskertu nahi diet berriro beraiekin jardutea izan den pribilegioa. Aktore naizenez zaurigarri sentitzen naiz eta zinemagintzan egin dudan guztia ezin egin nezakeen nire senarraren eta hogei urtez nire agente izan denaren babesik gabe”, amaitu du Watsonek.