"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Harrigarria da zinema-jaialdi honek berekiko eta bertan ematen diren filmekiko duen konfiantza”, esan digu Locarno edo Teherango jaialdietan ere epaimahaiko jardun duen Olivia Stewart aholkulari eta gidoikontsultari britainiarrak. Terence Davies, Mike Figgis edo Todd Haynes bezalako zuzendari handiekin luze aritu arren, zuzendari berriekin lan egiten ere oso ohituta dagoela adierazi digu: “Zuzendari gazteengan zine-industriaren ajeek kutsatuta ez egotea da gehien estimatzen dudana. Errealizadore gazte batek zinemak eskaintzen di zkion baliabide guztiak baliatzen jakin behar du; eta ez naiz soinuaz eta irudiaz bakarrik ari, lanabes eta posibilitate guztiak menderatu behar ditu”. 2008 urtean Terence Daviesi eskainitako atzera begirakoa zela-eta Donostiara lehenengoz etorri zen Stewartek zinemaren alderdi ekonomikoa orrotatzen duela ziurtatu digu, “bankariek deusik ez dakite zinemaz”. Egun, bikaintasuna agertzen duten zinemagileen lanak finantzatu eta sustatzeko ahaleginean dihardu, “zinemak irudimenarekin bidaiatzeko ematen duen aukera maite baitut”, gaineratu du.