"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sokurovek El Arca Rusa (2002) maisulana S. Petersburgoko Hermitage Museoan filmatu bazuen, oraingoan Pariseko Louvre aukeratu du, Veneziako Jaialdian jasotako txalo zaparradaren ondoren gure artean estreinatzera datorren dokumental ikusgarria, oso berezi eta pertsonala, erabat gomendagarria.
Munduko artelan zahar garrantzitsuenak biltzen dituen museo erraldoi horrek joan den mendeko 40ko hamarkadatik hasita jasan dituen eraldaketak aztertzen ditu, Louvreren garrantzia historian zehar nabarmen uzten duen bitartean.
Hartarako, funtsezko bi pertsonaia dakartza gogora: Jacques Jaujard museoko zuzendari, zaindari eta babeslea, eta Franz Wolff-Metternich kontea, gerra bitartean Louvreko artelanak kontrolatu zitzan naziek espreski bidalia.
Soinuaren diseinu eta tratamendua oso berezia da, eta Bruno Delbonnel argazki zuzendariaren irudiak benetan miresgarriak.
Sokurovek narraketa planu ezberdinetan egiten du: hildakoei mintzo zaie; ontzi batean arte lan garrantzitsuak garraiatzen dituen lagun izutuari; Napoleon eta Marianneri-Frantziako sinboloak, museoko mamu gidariak- eta azkenik, ikusentzuleoi. Gurekin ere partekatuko baititu artearen garrantzi historikoaz eginiko hausnarketak.
ANE MUÑOZ