"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Japoniako institutu arrunt batean, zirrara handia eragin du boleibol jokalaririk onena desagertu zanak. Eskolako mutil famatuena, izar bat, neska-mutil guztiek desiratutako gizasemea, joan da inolako arrastorik utzi gabe. Boleibol taldeko jokalariak noraezean daude ondorioz; mutilaren bikotea, atsekabetuta; haren lagunik onena, ezinean. Nerabezaroko giro zalantzakor eta ziurgabean, edozein astinaldiak are eta desoreka gehiago sortzen du eta eskolako giroa, beraz, zeharo geratzen da gertaera esplikaezinak baldintzatuta.
Giro honetan, itxuraz eskolako elementurik ahulenak direnak indartsuen ageri dira. Saxoa lasaitasunez eta jendearengandik urrun jo ahal izateko eskolako atarira igotzen den neskak protagonismo berezia hartzen du filmak aurrera egin ahala, bakardadearen metafora indartsua; zoombiekin —Japoniako irudizko kultura gaztearen ezinbesteko osagaia— filma osatu nahi duen mutil betaurrekoduna gai izango da eskolako boleibol taldekoen bortizkeriari aurre egiteko.
Bost egunetan zehar, bost begiradaren bidez, lan ia topografiko honek isolamenduaz eta begiradaz hitz egiten digu, esanez azken finean errealitatetik kanpoko egoerak direla, batzuetan, benetakoenak.
ALBERTO BARANDIARAN