"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nahiz eta urtero errepikatu, Belodromoan ospatzen diren haurrentzako zine emanaldiak sekulako ikuskizuna bihurtzen dira goizero, batez ere harmailetan gertatzen denari erreparatzen badiogu: egunero, bi mila haur ilusioz beteta esertzen dira arreta handiz pelikula erraldoia ikusteko prest.
Eta berdin gertatu zen atzo: goizeko hamarretatik hasita, Gipuzkoa osotik bertaratutako ikasleak ikusi zuten Asterix eta Jainkoen egoitza, animazioz egindako izen bereko komikian oinarritutako film berria, Louis Clichy eta Alexandre Astieren zuzendaritzapean. Zehatz-mehatz, Tolosa, Zizurkil, Donostia, Irun, Hondarribia eta Zarauzko ikastetxe eta ikastoletatik etorritako Lehen Hezkuntzako bi mila berrehun ikasle, denak sei eta hamabi urte bitartekoak. Asterix, Obelix, Ideafix bere txakurra, Panoramix eta, batez ere, erromatarrek gozatu arazi egin zieten guztiei, txisteak, efektuak eta muturrekoz beteriko Goscinny eta Uderzoren istorioaren moldaketa berrian.
Gipuzkoako ikastetxeekin hitzartutako programari esker, hamairu mila ikasle inguru pasako dira aurten Belodromoko eserlekuetatik , Zinemaldiak irauten duen egunetan zehar baina, tamalez, beste mila baino gehiago itxaron zerrendan gelditu behar izan dute.
Autobusez, trenez edo oinez etorriak, txintxo-txintxo sartzen ikusten ahal dira, ilara egiteko binaka jartzen, txikienak txaketa eta hamaiketako poltsa galdu gabe.
Bizipen ahaztezina
Behin areto erraldoian sartuta, eskolako ikasgaiez ahaztuta eta laurehun metro koadroko pantaila aurrean, benetan munduko zinemarik handienean daude, sekulan ahaztuko ez den esperientzia berezian murgildurik. Barre algarak, oihuak eta nerbioak, denak batera milaka umeen bilkuran. Guzti hau gobernatzeko hogei lagunez osatutako lan taldea arduratzen da egunero, eta haurrak gidatzeaz gain, monitore, animatzaile eta produkzio lanetan aritzen dira Belodromoan, aste betez “Jainkoen Eroetxe” berria bihurtzen dena.
P.Y.