"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Oreka Tx txalaparta-taldearen oso aspaldiko doinu berrituen konpasean abiarazi zen aurtengo Zinemaldiaren inaugurazio-gala. Cayetana Guillén-Cuervok eta Mireia Gabilondok zeremoniaren lekukoa hartu zuten aurkezpenari ekiteko, zeinean Itziar Ituño, Dafne Fernández, Bárbara Goenaga, Paco León eta Espainiako Zine Akademiako zuzendari Antonio Resinesek ere parte hartu baitute.
Ekitaldia hasi eta berehala Nazioarteko Zinema Kritikarien Federakuntzak eskaintzen duen saria iragarri zen, aurten, hain zuen ere, Mad Max: Fury Road filmari egokitu zaiona. George Miller zuzendari australiarra izan da saria jaso duena: “Aldi berean harrituta eta eskertuta nago halako film ero batek kritikaren saria irarabazi izanaz”.
Pixkanaka, baina aurreko urteetan baino arinxeago, Zinemaldiko sail eta epaimahaiak aurkeztu zituzten. Sail Ofizialeko presidente Paprika Steenek, iaz emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen aktoreak ziurtatu duenez “jaialdi honek irabazle argi bat izango du, eta berau zinema da”. Aipatu, halaber, inaugurazio ekitaldiak hogeita hamar urtez Zinemaldiko idazkari orokorra izan eta berriki zendutako Pilar Olascoaga gogoan izan duela.
Azkenik, Alejandro Amenábar zuzendariak Regression zinta aurkeztu du: “Ezta nire ametsik onenean imajina nezakeen nire film batek Donostiako zinemaldiari hasiera eman ziezaiokenik”, segurtatu du, bere pelikulako protagonista biak, Ethan Hawke eta Emma Watson, Donostiara bertaratu ezin izanaz penaturik. Baina, gaitzerdi, aktore biek bideo-mezu bana grabatu baitute Zinemaldiari eskerrak emanaz.