"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hernán Musaluppi (Buenos Aires, 1971) zinema-ekoizlea eta irakaslea da.
Argentinako Zinema Berri deitutakoaren film adierazgarri batzuetan kolaboratzen hasi zen ekoizpenean: Martín Rejtmanen Silvia Prieto (1999), Lisandro Alonsoren La libertad (2001) eta Pablo Traperoren Mundo grúa (1999), besteak beste. 2001ean Rizoma ekoiztetxe independentea sortu zuen, Natacha Cervirekin batera. Urte gutxitan, munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenetan izan da saritua eta eskualdeko ekoiztetxe ezagunenetakoa bihurtu da. Ordutik, mundu osoko merkatuetan banatu dituzte beren filmak; hogeita hamar baino gehiago. Haiek ekoiztutakoak dira, besteak beste: Carlos M. Quintelaren La obra del siglo(2015), aurtengo Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailerako hautatua; Anahí Berneriren Aire libre (2014), 2014ko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zena; Gustavo Tarettoren Las insoladas (2014); Ezequiel Radusky eta Agustín Toscanoren Los dueños (2013); Gustavo Tarettoren Medianeras (2011); Adrián Biniezen Gigante (2009); Juan Taratutoren ¿Quién dice que es fácil?; Rodrigo Morenoren El custodio (2006); Juan Pablo Rebella eta Pablo Stollen Whisky (2004); Juan Taratutoren No sos vos, soy yo (2004); eta Martín Rejtmanen Los guantes mágicos (2003).
Nazioarteko epaimahaitan parte hartu du. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: Opera Primen Epaimahai Ofiziala (Berlinale, 2014) eta Orainaldiko Zinemagileak Saileko Epaimahaia (Locarno, 2006).
Zinema Industriaren Argentinako Ganberako (CAIC) presidentea da; Argentinako ekoizpen-enpresa garrantzitsuenak biltzen dituen erakundea da hori. Horrez gain, ACE (Ateliers du Cinéma Européen) erakundeko kide bihurtu den lehenengo ekoizle argentinarra da.
Ekoizpeneko katedradun titularra da, hala Zinema Esperimentazio eta Errealizazioaren Eskola Nazionalean (ENERC) nola Zinema Unibertsitatean. Kontinente osoan ematen ditu aholkularitza eta hitzaldiak. 2010etik, Proiektu Garapeneko Tailerra zuzentzen du EICTVn (San Antonio de los Baños, Cuba).
2012an, bere lehen liburua argitaratu zuen: El cine y lo que queda de mí.