"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Savage Cinema, abenturako eta akzio-kirolei buruzko atala, 2013an sortu genuen, Red Bull Media House-rekin batera. Apustu aitzindaria izan da sail horren aldekoa eta, hari esker, genero horretako ekoiztetxe handienak hurbildu dira Donostiara, baita zuzendari eta kirolari mirestuenak ere, beren azken lanak mundu mailan edo Europa mailan estreinatzera eta aurkeztera.
Sailak urtean sorturiko lan bikainenak biltzen ditu; hain zuzen, kirolaren egoeraren berri emango digutenak, eta gugana ekarriko dituztenak arlo horretan eginiko azken ekintzak, abentura handien istorioak eta haien protagonistek duten pasioa helburu imajinaezinetara heltzeko.
Lehenengo bi edizioen arrakasta ikusita, Savage Cinemak bere hirugarren abenturari ekingo dio aurten, genero horretako filmen munduarentzat erreferente gisa duen lekua sendotzeko eta Donostia zinemaren, muturreko kirolen eta publiko zabalaren arteko topaleku global bihurtzeko helburuarekin.
SAVAGE CINEMA lehiaketaz kanpoko saila izango da Zinemaldiaren barruan, eta bere hautaketa-batzorde propioa izango du, honako hauek osatuko dutena: Maialen Beloki (Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautaketa Batzordeetako kidea), Phillip Manderla (RBMHko film luzeen arduraduna) eta Sancho Rodríguez (Savage Cinema sailaren koordinatzailea).
Akzioko kirolen inguruko zinemak ikusleak erakartzeko potentzial handia du, eta SAVAGE CINEMA aukera paregabea da kirol arloko ekintzarik gogoangarrienetako batzuen protagonistak publiko handiarengana hurbiltzeko, emozioz eta adrenalinaz betetako saioen bitartez.
2015ean Savage Cinemak orain arteko aukerarik handiena eta askotarikoena eskaintzen digu. 8 lan guztira, akzio-kirolei loturiko gai nagusietan sakontzen dutenak: familia eta pasioen transmisioa; askatasuna; hobekuntza eta aitortza nahia; bizitzaren eta arriskuaren balioa, heriotzaren mugaraino eramana.
Berriak: