"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo Tabakaleraraino heldu zen Laurie Anderson sortzaile iparamerikarra, hain zuzen ere, Heart of a Dog saikera-film pertsonala Zabaltegin aurkeztera. Artista polifazetikoa isil-misilka sartu zen Tabakalerako zine-areto berrira Julian Schnabel margolaria, haren bi seme, Txema Prado eta beste zenbait pertsona segizioan zituela. Txiki eta lotsati pantaila azpian paratu zen bere alkandora zuri-beltz koadrodunaz jantzita, eta ahapetik esan zuen: “Eskerrik asko denori nire filma ikustera etortzeagatik. Lan pertsonal honek maitasuna, heriotza eta legoaia aztertzen ditu eta kontakizun mordoa biltzen du, baina horietaz hobe proiekzioaren osatean hitz egiten badugu”.
Bere amaren edota Lolabelle txakurraren kontakizunak eta haurtzaroko fantasiak fluxu etengabe baten tankeran ageri dira Andersonen lan honetan. Erabilitako lengoaia bisualean animazioa, artistaren haurtzaroko 8 mm-ko filmak, gainjarritako irudiak eta abiadura handiko testu animatuak sartzen dira.