"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiak haurrentzat hautaturiko film sorta bat eskainiko du, guztiak euskarara bikoiztuak, Zineuskadiren parte-hartzearekin, Zinema Euskaraz programaren baitan. Principe 10 aretoan emango dira haurrentzako filmak: Magiaren etxea, hilak 10 larunbatean; Gelditu zaitez nire ondoan, Doraemon eta Tom Txiki eta ispilu magikoa, hilak 20 igandean; eta 7. ipotxa, hilak 26 larunbatean.
Aurten eskaintzen den film sortan Bobo zazpigarren ipotxaren balentriak pantailaratuko dira, Thunder katutxoaren gorabeherak magiaren etxean, Tom Txiki bere irudiari ispilu magikoan erreparatuz eta nola ez, Nobita Nobi mutil traketsaren bihurrikeriak. Zalantzarik gabe gaztetxoen zinemazaletasuna piztuko duten filmak dira guztiak, eta euskaraz gainera. Honen moduko ekimenekin etorkizuneko ikusleen sorrera bermatuta dago, bai horixe.
Bestalde, Zinemaldiak haurrei zuzendutako emanaldiak ere egiten ditu goizero Belodromoan. Ikastetxeekin hitzartutako programa esklusibo baten bitartez, zinemaz gozatzeko aukera eskaintzen zaie ikasleei, euskaraz eta pantaila erraldoian. Aurten, Astérix: Jainkoen egoitza ikusi ahal izango dute haurrek.