Emily Watson aktore britainiarrak jasoko du datorren edizioko Zinemaldiko Donostia Saria, bere ibilbide ospetsuagatik. Watsonek saria irailaren 25ean Kursaal Auditoriumean ospatuko den galan jasoko du.
Islington-en (Erresuma Batua) jaioa, Emily Watson-ek Drama Studio London eskola entzutetsuan ikasi zuen antzezpena, unibertsitate ikasketak amaitutakoan. Antzerkian hasi zuen bere ibilbide profesionala, Lilian Hellmann-en The Children’s Hour, Txekhov-en Hiru ahizpak eta Ibsen-en Itsasoko andrea obretan, besteak beste, eta Royal Shakespeare Company-n, The taming of the shrew (Piztiaren heziketa)eta All’s well that ends well (Ondo dago ondo amaitzen dena) obretan.
Bere debut zinematografikoak ospetsu bihurtu zuen goizetik gauera: Lars von Trier-en Breaking the Waves (1996) filmean Bess McNeill pertsonaiaren rola jokatu zuen, eta antzezpen horrek ezin konta ahala sari ekarri zizkion, hala nola Los Ángeleseko, Londreseko eta New Yorkeko Idazleen Zirkuluenak, AEBetako Zinema Kritikarien Elkarte Nazionalarena, eta Oscar sarirako eta Urrezko Globorako izendapenak. Handik bi urtera, azken bi sari horietarako izendatu zuten berriro, Hilary and Jackie filmean Jacqueline du Pré biolontxelo-jotzailea antzezten egindako lanagatik.
Handik aurrera, bere ibilbide miragarriak gaur egungo zinemagile gailenetako batzuen filmetan lan egiteko aukera eman dio: Robert Altman-en Gosford Park (2001), Paul Thomas Anderson-en Punch Drunk Love (2002), Tim Burton-en The Corpse Bride (Andregai hilotza, 2005), John Hillcoat-en The Proposition (2005), Charlie Kaufman-en Synecdoche, New York (2008), Alan Parker-en Angela’s Ashes (1999) -BAFTA sarietarako izendapen bat lortu zuen lan horri esker-, Tim Robbins-en Cradle Will Rock (1999), Jim Sheridan-en The Boxer (1997), Steven Spielberg-en War Horse (Gerra zaldia, 2011) eta Joe Wright-en Anna Karenina (2011).
Zineman egin dituen lanen artean, aipatzekoak dira orobat Brett Ratner-en Red Dragon (2002), Stephen Hopkins-en The Life and Death of Peter Sellers (2004) -antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Urrezko Globorako izendatua izan zen film horregatik-, Chris Noonan-en Miss Potter (2006), Sophie Barthes-en Cold Souls (2009), Dennis Lee-ren Fireflies in the Garden (2008), Brian Percival-en The Book Thief (2013), eta James Marsh-en The Theory of Everything (2014).
Appropriate Adult (2011) telesailean ere parte hartu du, bai eta Urrezko Globorako izendapena eta emakumezko aktore onenaren BAFTA saria lortu ere. The Politician’s Husband (2013), The Secret Life of Marilyn Monroe (2015) eta A Song for Jenny (2015) telesailetan ere lan egin du.
2002an antzerkira itzuli zen, eta Sam Mendes-ek zuzenduriko bi obratan lan egin zuen: Shakespeareren Twelfth night (Hamabigarren gaua) eta Txekhoven Osaba Vanya. Azken horretan eginiko antzezpenagatik Olivier sarirako izendatu zuten.
Bere ibilbidean zehar jaso dituen sarien artean aipatzekoak dira orobat British Independent Film Award, Hilary and Jackie filmean egindako lanagatik, eta European Film Award, Breaking the Waves filmagatik.
2015ean Britainiar Inperioko Ordenako Ofizial izendatu zuten, antzezpenaren arteari eskainitako zerbitzuengatik.