"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Itziar Ituño eta Joxean Bengoetxea aktoreek aurkeztuta, sorpresa polit batekin hasi zuten Euskal Zinemaren Gala: Euskal Gidoigileen Elkarteak 20 urte betetzen dituela eta, aurtengo Zinemaldian estreinatu diren fikziozko luzemetraietako bati gidoi onenaren saria ematea erabaki dute. Saria Amama filmarentzat izan da eta Asier Altuna eta Telmo Esnal agertu dira eszenatokira saria jasotzera.
Azken urteetako euskal produkzioaren laburpena ikusi ondoren, Zinemira sariaren txanda iritsi da eta ezustean Aitana Sánchez- Gijón agertu da jendaurrera. “Zinemalditik sariaren berri emateko Karmele Soler deitu zutenean, hauek bere hitzak: ados, nor makillatu behar dut?”, kontatu zuen Aitanak barre artean. Eta gaueko protagonista agertu da, 50 filma baino gehiagotan makina bat zuzendarirentzat lan egin duen makillatzailea; besteak beste, Pedro Almodóvarren La piel que habito filmean egindako lanagatik Goya saria ere irabazitakoa. “Zinemaldi honetan une ahaztezinak bizi izan ditut, eta hau beste bat izango da. Sari hau jasotzen duen lehen emakumea naiz, baina azkena ez izatea espero dut. Amari eskaini nahi diot. Ama zugatik!”, azaldu du Karmelek guztiz hunkituta.
Ekitaldia Un otoño sin Berlín filmeko lan taldeak itxi du, pelikulari paso emanaz.
NORA ASKARGOTA