"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iazko Zinemaldian Zinema Eraikitzen sailean parte hartu ondoren, Eugenio Canevari argentinarraren lehen luzearen egitasmoa amaituta itzuli da Donostiara.
Hiritik kanpo etxadi eder batean bizi den sendi dirudun baten egunerokotasun arrunta erritmo geldoz, inolako presarik gabe eta ohiko errealizazio moduak erabiliz kontatzen duen drama honek Paula gaztetxoarengan jartzen ditu begiak. Berez ez da etxekoa baina bertan bizi da, familiko hiru txikiak zaintzez arduratzen denetik. Orduak igaroko ditu umeekin, haien amak ezin ditu eta urrundik ere jasan. Aitak zer duen buruan, ordea, ez dugu erraz ulertuko.
Paularentzat gauzak ez doaz ondo. Haurdun dago eta ez da ausartzen inori esatera. Haurdun utzi duen mutilak ez du deus jakin nahi, eta gaisoak, inolako baliabiderik gabe, ez daki nora jo. Dennis Labbate hasiberriak zuzen antzezten du Paula isil eta beldurtua.
Canevarik argentinar burgesiaren harropuzkeria, elkarrizketa huts eta soilak, pijismoa erakusten du. Horiek txorakeriez ari diren bitartean, Paulak ezin du bere atsekabearekin, bere babesgabetasunarekin.
Hirugarren aldia da Canevarik Donostian parte hartzen duena, izan ere, iaz egitasmo honekin etortzeaz gain, 2013an zinema ikasleen Donostiako Nazioarteko Topaketan ere izan baitzen, Gorila baila film labur sarituarekin.
ANE MUÑOZ