"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sara Silveira Brasilgo gaur egungo zinema-ekoizle aktiboenetakoa da. São Paulon bizi da, 1981etik. Zinema arloan ekoizpen-laguntzaile gisa lan egiten hasi zen, Roberto Santosen Nasce uma Mulher-en, eta lokalizazioko ekoizle gisa, Bruno Barretoren Além da Paixão-n.
1991n, Carlos Reichenbachekin Dezenove Som e Imagens ekoizpen-etxea sortu zuen eta Maria Ionescurekin batera zuzentzen du.
Urte hauetan, bere proiektuek sari ugari metatu dituzte: Alma Corsária (1994) eta Bicho de Sete Cabeças (2000) lanek Brasiliako zinema-jaialdiko pelikula onenaren Candango garaikurra irabazi zuten; Durval Discos lanak Gramadoko Kikito saria irabazi zuen 2003an, eta Cinema, Aspirinas e Urubus 6. Zinema Eraikitzenerako aukeratua izan zen (Donostia, 2004). Gero, Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard saileko Hezkuntzaren Sari Nazionala eman zioten, 2005ean, eta 2007an ingelesa ez beste hizkuntza batean filmatutako pelikula onenaren Oscar sarietan lehiatzeko Brasilgo hautagai ofiziala izan zen.
Berriki ekoitzi dituen pelikulen artean, honako hauek daude: Michael Wahrmannen Avanti Popolo, 2012an Erromako zinema-jaialdiko Cinema XXI saileko pelikula onenaren sariduna; Caetano Gotardoren O que se move, zinema-jaialdi nazional eta nazioarteko batzuetan parte hartutakoa eta IV. Semana dos Realizadoresen pelikula onenaren sariduna; Marcelo Gomesen Era uma vez eu, Verônica, 2012an Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortutakoa; Juliana Rojas eta Marco Dutraren Trabalhar Cansa, 2011n Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean parte hartutakoa; eta Helvécio Marins Jr. eta Clarissa Campolinaren Girimunho,2011n Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean lehiatuz Interfilm saria irabazitakoa, eta Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinosen ere parte hartutakoa.