"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ondarrutarra da, 1975ean Donostian jaioa. Andoaingo Zine Eskolan ikasi zuen. Multimedia eta bitarteko interaktiboetan trebatu ondoren, publizitatearen arloan abiatu zuen bere lan-ibilbidea. Zortzi urteko etengabeko jarduera eta gero, bideo-postprodukziora salto egin zuen eta motion graphics arloan espezializatu zen. Hala, publizitate, telebista eta zinemarako proiektuak egin zituen.
2010ean, Ondar ahoak izeneko bere film laburra Kimuak katalogorako aukeratu zuten eta hainbat sari irabazi zituen, adibidez: San Diegoko zinema-jaialdiko film labur esperimental onenarena. Diziplina anitzeko profila izanik, postproduktore lana telebistarako gidoilari, zuzendari eta film laburren ekoizle lanarekin txandakatzen du, baita hainbat komunikabidetarako kolaboratzaile lanarekin ere.
Gaur egun, Berria egunkarian ikus-entzunezkoei buruzko zutabe bat idazten du, ETBko ZirtZart programako erredaktorea da, eta Koldo Almandozekin batera, Death Laughs film laburra garatzen ari da.