"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Isabel Herguera Donostian jaio zen, 1961ean. Animaziozko errealizadore eta ekoizle gisa, ondoko filmak egin ditu: Spain Loves You (1988), La gallina ciega (2005), Amar (2010) eta Bajo la almohada (2011), besteak beste.
Errealizadore-lana irakaskuntzarekin txandakatzen du. Donostian, Artelekuko Irudia Mugimenduan laborategia koordinatzen du. Horrez gain, Beijingeko China Academy of Fine Arts (CAFA) eta Ahmedabadeko (India) National Institute of Design zentroetako irakasle bisitaria da. Animaziozko ekoizpenari buruzko ikastaroak ematen ditu, hain zuzen.
Bilboko Arte Ederretako Fakultatean eta Kunstakademie Düsseldorf-en (Alemania) lizentziatu zen, eta Ameriketako Estatu Batuetako California Institute of the Arts(CALARTS) zentroan Animaziozko masterra egin zuen.
2003tik 2011ra Animac, Mostra Internacional de Cinema d'Animació de Catalunya, zuzendu zuen, Lleidan. Lehiaketa horrek Consell Nacional de la Cultura i de les Arts (CONCA) erakundearen Ikus-entzunezkoen Sari Nazionala jaso zuen, 2009an.
Orain, Indiako emakume talde batzuekin lan egiten ari da, zientzia-fikzio feministako literatur klasiko baten inguruko animaziozko proiektu batean.